Batera-k aztergai izan du Ipar Euskal Herriko herritarrek instituzioekin daukaten harremana. Lurralde kolektibitatearen apustua egin du, eta, alde horretatik, Euskal Elkargoarekin "zaintza lana" egin duela oroitarazi du. Elkargoak, hilabete honetan, bere barne antolaketari eta geroari buruzko eztabaidak abiatuko ditu. Batera-ren helburua hausnarketa horri ekarpenak egitea izanen da, "kanpoko esperientziak aztertuz, besteak beste".
Foro bat antolatu dute irailaren 21erako, Baionako arte eskolan. Lehen hitzaldia, Nortasuna eta lurraldetasuna: instituzioen legitimitateaz izango da. Alain Faure politika ikerlaria eta Vincent Simoulin Tolosako (Okzitania) unibertsitateko zientzia sozialeko irakaslea arituko dira. Euskal Elkargotik Lurralde Kolektibitatera iristeko eman beharreko pausoak izango dira eztabaidaren erdigunean. Ondotik, Elkargoko antolaketa hobetu: demokrazioa parte hartze gehiago hitzaldia egingo dute Jo Spiegel Kingersheimeko (Alsazia) auzapezak, Manon Loisel ACADIE kooperatibako gerenteak eta Bruno Julliard Parisko lehen axuant ohiak. "Herritarrek instituzioekin dituzten harremanei" buruzko hausnarketa bat proposatuko dute hizlariek. Azkenik, Daniel Behar Parisko Unibertsitateko Urbanismo Eskolako irakasleak itxiko du foroa. ACADIE kooperatibako zuzendaria da, eta Ipar Euskal Herriko instituzioei buruzko hainbat ikerketa lan egin ditu.