Frantziak Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoaren gaian duen "blokeo egoera" salatzeko, Batera plataformak martxoaren 3an protestak egingo ditu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako errepideetan, gaur prentsaurreko batean jakinarazi duenez. Miarritzeko aireportu ondoan, Urruña-Ziburu artean, Senperen, Kanbon, Maulen eta Donazarren egingo dituzte bilkurak —Nafarroa Behereko beste leku batean ere egin nahi du—, goizeko hamarretatik eguerdira artean.
Ez dituzte errepideak erabat blokatuko, dena dela; ibilgailuei poliki pasatzen utziko diete, edo beste bide bat hartzeko esango diete.
"Gaur egun, nehoiz baino gehiago, Ipar Euskal Herriak instituzio berezi baten beharra badauka, bere etorkizuna eskutan hartzeko eta bere lurraldearen kudeatzeko", dio Baterak.
Plataformaren arabera, egun Frantziako Errepublikan "eztabaida instituzionalak pisua" du, eta aurki Presidentzia hauteskundeak izateak ere badu garrantzia. Orobat, ETAk borroka armatua utzi osteko "egoera politiko historikoa" ere aintzat hartu behar dela dio.
Ipar Euskal Herriko hainbat elkartek eta hautetsik osatzen dute Batera. Euskal lurralde elkargoaz gain, euskararen koofizialtasuna eta Iparralderako unibertsitatea ere eskatzen ditu.