'Bateragune auzia' dela eta, Otegi eta beste zazpi lagun epaituko dituzte

«ETAren aginduz» Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi izatea leporatzen diete

jokin sagarzazu
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Epaiketara bidean da Bateragune izenarekin ezagutzen den auzia, 56/09 auzia. Batasunaren Mahai Nazionala berriro osatu nahi izatea leporatuta epaituko dituzte Arnaldo Otegi, Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Jose Manuel Serra eta Amaia Esnal ezker abertzaleko kideak. Epaiketa antolatzea dagokion salak bost eguneko epea eman dio Fiskaltzari kalifikazio idatzia aurkeztu eta, besteak beste, auzipetuen aurkako zigor eskaerak egin ditzan. Fiskaltzak behin behineko ondorioak aurkeztu ondoren, defentsaren txanda izango da, eta horren ostean ahozko epaiketaren data jarriko dute.

ETAren esanetara aritzea leporatu diete zortzi auzipetuei instrukzio epaileek. Indar subiranisten arteko gunea osatzeko prozesua «ETAk zuzentzen» zuela adierazi dute Baltasar Garzon eta Pablo Ruz epaileek — beste auzi batengatik Garzon kargugabetu ondoren hartu zuen instrukzioaren ardura Ruzek—.

Barne eztabaidaren hasieran

Iazko urriaren 13an agindutako polizia operazioan, Espainiako Poliziak hamar herritar atxilotu zituen. Aipatutako zortzi pertsonez gain, Rufi Etxeberria eta Ainara Oiz ere atxilotu zituzten. Garzonek kartzelara bidali zituen Otegi, Diez, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguez —Diez libre dago apirilaren 26tik, baldintzapean—. Morenori, Serrari eta Esnali, berriz, hamarna mila euroko bermea jarri zien, eta Etxeberria eta Oiz baldintzarik gabe libre utzi zituen.

Polizia operazioa egin eta hiru hilabete eta erdira, haietariko zortzi auzipetu zituen Garzonek. Urtarrilean kaleratutako auzipetze autoan, Garzon epaileak Otegi jo zuen Bateraguneko burutzat, eta, «ETAren aginduz, ETAren aldetik su-etenak lortzea» leporatu zion. Garai horretan, barne eztabaidan ari zen ezker abertzalea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.