'Bateragune auzia'

'Bateragune auziari' buruzko erabakia atzeratu egin du Auzitegi Konstituzionalak

Osoko bilkura osatzen duten 11 epaileak bi aste barru bilduko dira berriz. Txostengile Juan Antonio Xiolek Sortu eta Bildu legeztatzearen alde egin zuen.

Bost auzipetuen argazkiak. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2014ko ekainaren 26a
11:37
Entzun

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du Bateragune auziaren gaineko erabakirik jakinarazi, eta, beraz, bi aste barruko osoko bilkuran aztertuko dute gaia —gai zerrendako azkena da Bateragune auzia—. Berez auzitegiko lehen aretoa zen erabakia hartzekoa, baina bertako presidente Francisco Perez de los Cobosek –Konstituzionaleko presidentea ere badena– erabakia osoko bilkuraren esku uztea erabaki zuen hilaren hasieran.

Batzar aretoa hamabi epailek osatzen dute berez, baina Enrique Lopez kontserbadoreak dimisioa eman du, gidatzen ari zela alkohol proba batean positibo eman ostean. Ondorioz, 11 epaile horiek hartu beharko dute Arnaldo Otegi, Sonia Jazinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletaren abokatuek aurkeztutako babes helegiteari buruzko azken erabakia.

Rafa Diezen abokatuak aurkeztutako helegitea aurrerago aztertuko dute.

Haien eskubideak urratu zituztela argudiatu zuten lau auzipetuek: errugabetasun printzipioa, inpartzialatasunarena, akusazioarena eta justizia eraginkorrerako eskubidea. Fiskaltzak, ordea, ukatu egin du urraketak egon direla.

Hiru aukera posible

Hiru aukera dituzte esku artean: inpartzialtasunik ezan oinarrituta, epaiketa errepikatu behar izatea; osoko bilkurako gehiengoak errugabetasunaren alde egin, eta absolbitzea; eta, azkenik, helegiteak atzera bota eta zigorra betearaztea.

Partzialtasunik izan ote den aztertuko dute lehenik epaileek osoko bilkuran. Helegite hori Otegiren abokatuak jarri zuen, Angela Murillo epaileak aurreko epaiketa batean izandako jarrera zela medio.

Helegiteak aurrera egingo balu, Otegiren epaiketa ez ezik beste laurena ere errepikatzea litzateke normalena.

Ez litzateke lehen aldia, inpartzialtasun printzipioa urratu izanagatik epaiketa bat errepikatzen dutena. 2005ean Arnaldo Otegi bigarrenez epaitu zuten Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian parte hartzeagatik. Gorenak baliogabetu egin zuen aurreko epaia, argudiatuz Angela Murillok partzialtasunez jokatu zuela. Izan ere, Otegi gose greban zegoen epaiketa garaian, eta haren abokatuak baimena eskatu zion Murillori hari ura emateko, eta epaileak hala erantzun zion: "Niri berdin dit ardoa edaten badu ere".

Bigarren aukera ere mahai gainean dago. Izan ere, eta osoko bilkuran kontserbadoreek gehiengoa badute ere, azpimarragarria da txostengilea Juan Antonio Xiol progresista izatea. Izan ere, Xiol Gorenean zegoen Sortu eta Bilduren legeztatzeari buruzko erabakia hartu zuenean.

Sortu legez kanpo uztea erabaki zuen Gorenak, aldeko bederatzi botorekin eta aurkako zazpirekin. Ordea, zazpi horiek boto partikular bateratua aurkeztu zuten. Bertan epaileak argudiatzen zuen "frogetan oinarrituta" ezin zela esan Sortu Batasunaren ordezkoa zela. Bilduren kasuan ere hura baliogabetzearen alde bozkatu zuen Xiolek.

Progresisten artean dago Konstituzionaleko presidenteorde eta bigarren aretoko buru Adela Asua ere.

Hirugarren eta azken aukera litzateke babes helegiteak atzera botatzea. Hala eginez gero, zigorra bete beharko lukete auzipetuek.

Gorenean ere, zalantzak

Bateragune auziak eztabaida gogorra eragin zuen 2012an ere, Espainiako Auzitegi Gorenean. Horren erakusgarri izan zen epaia bost magistratutatik hiruk sinatu izana eta beste bik kontrako iritzia agertu izana.

Inpartzialtasunik eza eta froga nahikorik ez egotea argudiatu zuten bi epailek Gorenean, auzitegiak bost auzipetuen aurkako zigorra berretsi zuenean. Alberto Jorge Barreirok eta Miguel Colmenerok boto partikularrak eman zituzten orduan. Barreiro absoluzioaren alde agertu zen, auzipetuak zigortzeko nahiko froga ez zegoela argudiatuta. Colmenerok, berriz, nabarmendu zuen ontzat eman behar zela Otegik Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren inpartzialtasuna argudiatuz jarri zuen errekusazioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.