Arnaldo Otegik, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegitearen kontra bozkatuko du epaitegiak, El País egunkariak argitaratu duenez. Atzo izan zuten gaia mahai gainean osoko bilkuran, baina hamabost egunez atzeratu zuten erabakia, adostasunik ez zegoela eta.
Kazeta horren arabera, ordea, sei epaile kontserbadoreek bozkatuko dute babes helegitearen aurka, atzoko bilkuran azaleratu zenez. Egunkariak ere iragarri du Adela Asua, Encarnacion Roca, Luis Ortega, Fernando Valdes eta Juan Antonio Xiol progresistek Bateragune auzian zigortutakoak aske uztearen aldeko boto partikularrak aurkeztuko dituztela. Hala, boto bakar batengatik ez dituzte askatuko.
Batzar aretoa hamabi epailek osatzen dute berez, baina Enrique Lopez kontserbadoreak dimisioa eman du, gidatzen ari zela alkohol proba batean positibo eman ostean. Ondorioz, 11 epaile horiek hartu beharko dute Otegi, Jacinto, Rodriguez eta Zabaletaren abokatuek aurkeztutako babes helegiteari buruzko azken erabakia.
Rafa Diezen abokatuak aurkeztutako helegitea aurrerago aztertuko dute.
Haien eskubideak urratu zituztela argudiatu zuten lau auzipetuek: errugabetasun printzipioa, inpartzialatasunarena, akusazioarena eta justizia eraginkorrerako eskubidea. Fiskaltzak, ordea, ukatu egin du urraketak egon direla.