Joan den igandeko El País egunkariko Domingo gehigarrian Escenario de paz sin trampas izenburuko artikulu luzea irakur zitekeen, analisi gisa aurkeztuta. Egilea Baltasar Garzon zen. 'Baltasar Garzon', besterik gabe. Beste zehaztapenik gabe, epailea dela zehaztu gabe. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea da, nahiz eta une honetan, 2010eko maiatzaren 14tik, haren funtzioak bertan behera dauden, Auzitegi Gorenak prebarikazio delituagatik epaitzea erabaki ondoren. Egun, Baltasar Garzon Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiko Fiskaltzaren aholkulari gisa ari da. Epaile izaera ezkutatzea esanguratsua da, badirudielako saihestu nahi dela aldi berean epaile eta parte izatearen kontraesana, artikulugileak jarrera politiko jakin bat defendatzen duelako, epaile bati dagokion inpartzialitatea urratuz.
Artikulugilea analisia josteko epaile gisa auzi baten instrukzioan-bereziki, Bateragune auzian- eskura izandako dokumentuak eta datuak erabiltzen ikustea harrigarria da, are gehiago kasua sub judice egonda, epaitu gabe, ezer frogatu gabe. Auzibidearen une honetan, sumarioko atal guztiak eztabaidan daude, baina badirudi Bateragune auziaren epaile instruktore izandakoari ez diola axola. Garzonen artikulua baieztapenez beterik dago, eta azken hiru urteetan ETAren eta ezker abertzalearen artean izandako harremanei buruzko kontaketa interpretatiboa egin du. Bateragune auziko auzipetze autoaren ildotik, baina urrutirago joanda. Azken batean, honako tesia zabaldu nahi du epaile-analistak: Batasuneko sektore batek «konplexuaren abangoardia politiko» bihurtu nahi duela, baina ETA ez dela mugitu bere jarreran (Garzonen hitzetan, «aurrena 'egurra' eman eta gero negoziatu» formulan laburbilduta). Hala ere, Garzonek ez ditu bakarrik analisi eta interpretazioak egiten; mezu politiko jakin bat bidali nahi dio ezker abertzaleari: «Ezker abertzaleak egin nahi lukeen edozein aurrerapausok [legalitatearen] bide eta mugen barruan egon behar du. Eta bere kideek lehenago ulertuta, lehenago ibiliko dute Espainiako bizitza demokratikoan parte hartzeko falta zaien bide zatia». Noren mezularia da Garzon?
Epailearen analisia argitaratu eta biharamunean, Jose Yoldi kazetariak iragarri du Bateragune auzia «datorren hiruhilekoan» epaituko dutela, 35/02 sumarioaren aurretik, hau askoz lehenagokoa den arren. Nonbait, norbaitek presa du. Otegi eta ezker abertzaleko beste kideen kontrako epaiketak egiteko presa. Izan ere, joan den irailaren 14an Baltasar Garzonen ordezko Pablo Ruz epaileak Bateragune auziko sumarioa itxitzat jo ondoren, epaiketa antolatzea dagokion salak instrukzioaren tramitea egin berri du, hau da, aldeei galdetu die instrukzioa amaitutzat jotzen duten edo ekinbide gehiago egin behar ote diren. Tramite hau hurrenez hurren egin beharra dago: lehenik, fiskalak bete behar du; gero, akusazioek, eta, ondoren, defentsak. Baina kasu honetan, fiskalak iritzia eman ondoren, salak herri akusazioari eta defentsari batera eskatu die iritzia emateko. Horrela eginda, tramitazioa azkartuko litzateke. Defentsak, baina, helegitea jarri du, legeak argi esaten baitu hurrenez hurreneko ordena errespetatu behar dela. Norena den presa argi ez badago ere, presa horren helburua errazago ondoriozta daiteke: Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko kideak laster akusatuen aulkian eserarazi eta prozesua baldintzatzea.
Bateragunea, Garzon eta presa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu