POLITIKA

Bateraren kontsulta 95 herritan behintzat egingo dute

Eskualde Bozekin batera, martxoaren 14an eta 21ean kontsulta egiteko asmoa du Ipar Euskal Herrian lurralde elkargoa sortzearen aldeko Batera plataformak. Behin-behineko datuen arabera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 95 herritan egingo dute kontsulta.

2010eko otsailaren 11
19:45
Entzun
Datorren martxoaren 14an eta 21an herri galdeketa egiteko asmoarekin jarraitzen du Batera plataformak. Egun horietan Eskualde Bozak izango dituzte Ipar Euskal Herrian, eta taldeak aukera hori baliatu nahi du Iparraldean lurralde elkargoa sortzeaz herritarrek duten iritzia jakiteko. Lurralde elkargoa sortzearen alde diren edo ez adierazteko aukera 95 herritan bederen izango dutela jakinarazi dute plataformako kideek. Alegia, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hamar herritik seitan izango da kontsulta, behin-behineko datuen arabera.

Auzapez hainbatek ere babestu dute ekimena. Iragan urtarrilaren amaieran Pirinio Atlantikoetako Departamentuko prefetak, Philippe Reyk, auzapezei ohartarazi zien ezin zuetela horrelako ekimenik babestu. Baina dagoeneko 76 auzapezek egin dute bat Bateraren deialdiarekin.

Hauteskunde egunetan izango da galdeketa, eta herriko etxeetatik hurbil ezarriko dituzte kontsultan parte hartzeko guneak. 145 bozkaleku ezarriko dituzte, eta 870 bolondres inguru arituko dira lanean, guztia behar bezala egin dadin.

Frantziako lurralde antolaketan egiten ari diren aldaketek bultzatuta, departamenduaren ordez lurralde elkargoa aldarrikatzen ari da aspaldian Batera plataforma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.