Batu Gaitezen «bozetara begira» eginiko ekimena dela dio Urkulluk

EBBko presidentearen arabera, ezker abertzaleak «bere intereserako» erabili nahi du egitasmoa

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak aitortu duenez, datorren urteko foru eta udal hauteskundeei begira eginiko egitasmo bat da Gipuzkoako jeltzaleen Batu Gaitezen ekimena. «Hori da helburua, eta hauteskunde bitarte horretan garatuz joango da ekimena. Gure hautagaiek herritarrei azalduko diete EAJk arloka zer neurri proposatzen dituen eta gizartearen parte-hartzea nola gauzatu daitekeen instituzioetan», esan du Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean.

Ezker abertzaleak eginiko kritikei erantzunez, berriz, esan du indar politiko horrek EAJren proposamena «bereganatu» eta «bere interesetarako» erabili nahi duela, EAJren barruan nahasmendua sortzeko helburuarekin.

Urkulluk adierazi duenez, ezker abertzaleak «entelekia gisa» erabiltzen du erabakitzeko eskubidea, eta EAJ, aldiz, «eguneko gaietan» nola gauzatu aztertzen ari da.

Gipuzkoako EAJk urriaren 2an aurkeztu zuen Batu Gaitezen egitasmoa. EAJren proiektuaren inguruan atxikimenduak bildu eta giza eskubide guztien aitortzan eta erabakitzeko eskubidean oinarritutako abertzaleen arteko elkarlana sustatzea du xede.

Urkulluk azaldutakoaren arabera, EAJk Gipuzkoara mugatuko du Batu Gaitezen ekimena. Hala ere, agiriaren edukiei erreparatuz gero, Gipuzkoako jeltzaleek ez dute ezkutatzen lurralde horretatik kanpo ere eragin nahi dutela. Hala, gogor kritikatu dute PSE-EEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean duten akordioa, eta ohartarazi dute «estrategia espainolista» hori Euskal Herriko gainontzeko instituzioetara zabaldu nahi dutela. Horri aurre egiteko, Gipuzkoako EAJk uste du indar abertzaleen arteko lankidetza euskal instituzioetara zabaldu beharko litzatekeela, besteak beste Lizarra-Garaziko eta Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zeneko garaietan bezala.

Urkulluk lankidetza horren mugak zehaztu ditu. Buruzagi jeltzaleak nabarmendu du zenbait gaitan gauza daitekeela lankidetza hori, baina argi utzi du EAJk ez duela parte hartuko «blokeen estrategian». Urkulluk dio hori dela Gernikako Akordioaren sinatzaileen helburua.

Idatzizko akordioa

Espainiako Gobernuaren aurrekontuak direla eta, EAJ Madrilen egiten ari den negoziazioez galdetuta, Urkulluk adierazi du akordioa ixteko aukera asko daudela.

Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa eskatu dio EAJk Espainiako Gobernuari, eta, besteak beste, gizarte segurantzaren erregimen orokorra moldatzeko «formula berriak» bilatzen ari direla aitortu du. Urkulluk nabarmendu du EAJk «idatzizko» akordioa exijituko duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.