HEZKUNTZA

Batzarreren jarrerari bizkarra emanda, zerrenda bakarraren aurkako lege proposamena babestuko du Ezkerrak

Geroa Bai eta EH Bildu taldeek eskatutako txosten juridikoaren arabera, PSNren egitasmoak ez du legerik urratzen.

LABeko kideak zerrenda bakarraren aldeko protesta batean, Ezkerra koalizioaren egoitzaren aurrean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko abenduaren 18a
17:52
Entzun

Bereari eutsiko dio Ezkerrak. Marisa de Simon parlamentariak berretsi du ez datozela bat hezkuntzako lan deialdietan kontratazio zerrenda bakarra ezartzeko proposamenarekin eta, hortaz, PSNk aurkeztutako lege proposamenaren alde bozkatuko dutela heldu den osteguneko osoko bilkuran. "Ez dugu iritzia aldatu. Gure ustez, zerrenda bakarrak ez du bermerik eskaintzen, eta kontra eginen diogu".

Legebiltzarraren mahai eta eledunen biltzarrak bide eman dio jada PSNren lege proposamenaren tramitazioari, hori onartzeko bozketan, oposizioaren aldera lerratu baitzen Ezkerra. Kontratazio zerrenda bereiziak legez blindatzea, horixe du helburu PSNren egitasmoak.

Iragan larunbatean,, Ezkerra osatzen duten bi alderdietako batek, Batzarrek, kontra egin zion koalizioaren ildo ofizialari: bere militanteei auziari buruz galdetu zien, eta gehienak zerrenda bakarraren alde agertu ziren (%56). Horren harira, De Simonek esan du, egiazki, Batzarreren eta Nafarroako Ezker Batuaren posizioak ez direla hain ezberdinak ere: "Batzarreren adierazpen ofizialean deia egiten zion Nafarroako Gobernuari, negoziazio epe bat zabal dezan. Bada, guk ere horixe eskatzen diogu gobernuari". Ultimatuma ere egin dio Ezkerrako eledunak Hezkuntza Departamentuari: "Erretira dezatela zerrenda bakarraren aldeko proposamena; bestela, PSNren legea babestuko dugu".

Bi parlamentari ditu Ezkerra koalizioak Nafarroako Legebiltzarrean, baina erabakigarriak dira balantza alde batera (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu), ala bestera (UPN, PSN, PP) mugitzeko. Nafarroako Ezker Batuko kide dira koalizioko bi parlamentariak, eta, Batzarre zerrenda bakarraren alde agertu den arren, boto askatasuna dute auzi honetan.

Txostenak atea zabaldu dio debekuari

Hezkuntza Departamentuko lan deialdietan, kontratazio zerrendak hizkuntzen arabera bereizi nahi izatea eta azken urteetako segregazioa legez blindatu nahi izatea arauaren araberakoa dela ondorioztatu dute Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek, Geroa Bai eta EH Bildu taldeek eskatutako txostenean.

Ebazpen horren arabera, PSNren lege proposamenak ez du Espainiako Estatuaren eskuduntzarik bere gain hartzen, eta oposizioetako hautagaiei kalterik eraginen liekeen atzerako eraginkortasunik ere ez duela. Hortaz, PSNren egitasmoa onartzeko arazorik ez dute ikusten parlamentuko zerbitzu juridikoek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.