ETA-ren adierazpena. Erreakzioak

Batzuentzat "garrantzitsua", besteentzat "dezepzionagarria" eta "taktikoa"

Miguel Sanzek adierazi du ETAk "Espainiako Gobernua negoziazio prozesu bat izatera behartu" nahi duela. "Adierazpena ez da ETAk euskal gizarteari zor diona, ezta euskal gizarteak espero zuena ere", esan du EAJk. EA: "Su-eten egiaztagarria emateko lehen pausoa da". Aralarrek dio berria "baikorra eta garrantzitsua" dela. Lokarrik zorionak eman dizkio ezker abertzaleari, "honen estrategia berriaren emaitza delako ETAren iragarpena".

2010eko irailaren 5a
12:30
Entzun
Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria, UPNko kidea): "Gobernua negoziazio prozesu bat izatera behartu nahi du"

"ETAren adierazpena dezepzionagarria da, haren beste estrategia bat Espainiako Gobernua negoziazio prozesu bat izatera behartzeko. ETAk berak nahi duen tokira baino ez du heldu nahi. Ez ditu armak utzi; parentesi bat da egin duena. Gizarteak, aldiz, armak behin betiko uzteko eskatzen dio, eta Espainiakoa bezalako gizarte demokratiko batean libre lagatzeko hiritarrak".

EAJ: "Ez da euskal gizarteak espero zuena"

"ETAren adierazpena ez da hark euskal gizarteari zor diona, ezta euskal gizarteak espero zuena ere. Hala ere, zorionez iragarpena ez da mehatxuzkoa". EAJk jakinarazi du ETAren adierazpena bihar aztertuko duela sakonago, EBBren bileran.

Pello Urizar (EAko idazkari nagusia): "Su-eten egiaztagarria emateko lehen pausoa da"

"Espero genuen berri pozgarria da. Bake eskenatokira eramango gaituen su-eten behin betikoa eta egiaztagarria emateko lehen pausoa da ETAk emandakoa. Euskal Herriaren abian den aldaketa politikorako ekarpena da. Hau dena prozesu bat da, ETArena pauso bat da eta beste asko behar dira. Egoera hau egonkortzeko alderdikeriak eta hauteskunde interesak albo batera utzi behar dira. Orain arte egin dugun bidea berresten du adierazpen honek, eta indar subiranistei dei egiten diegu bide honetara atxiki daitezen".

Aralar: "Berri baikor eta garrantzitsua da"

"Aralarrek berri baikor eta garrantzitsutzat jo du ETAren gaurko agiria. Euskal Herriak eskatzen duen, behar duen eta erabaki duen bakegintzan urrats garrantzitsua da. Beharrezkoa da urrats guztiak ematea bakegintzaren eta normalkuntzaren bidean. ETA erakundeari deia egiten diogu alde bakarreko eta behin betiko etena aitortu dezan argudio politiko hutsengatik, eskubide guztien salbuespenik gabeko defentsarako".

Hamaikabat: "ETAk desagertu beharra du"

"ETAk desagertu beharra du, euskal gizarteak bakea nahi eta merezi duelako. Ez dugu nahi ETAk zaindutako prozesurik. Euskal Herriaren etorkizuna bere erakundeetan erabaki behar da".

Alternatiba: "Gatazka konpontzeko aukera historikoa zabaldu da"

"Albiste ona da, eta gatazka konpontzeko aukera historikoa zabaldu da. Indarkeria oro desagertzeko oraindik lana dago egiteko. Bakea eta eskubide demokratikoak lortzeko herri mobilizazioa eta eragileen lana behar da. Bakeak eta elkarrizketa atzean utzi behar dituzte eskubide humano, zibil eta politikoen urraketak".

Mikel Arana (EBko koordinatzaile nagusia): "Gizarteak indarkeria behin betiko uzteko eskatzen dio"

"ETAren adierazpena positiboa da, baina ez euskal gizarteak eskatzen duena. Izan ere, gizarteak indarkeria behin betiko uzteko eskatzen dio. Ez da nahikoa ETAk esatea hilabeteak daramatzala atentatuak egiteke. Ahal den azkarren eman beharko luke bere desagerpenaren berri".

Antonio Basagoiti (EAEko PPko presidentea): "Mugimendu taktikoa da"

"ETAren agiriak mugimendu taktikoa den itxura guztia dauka. Hemen behar dena haren behin betiko desagerpena da. Ez da ahaztu behar udal eta foru hauteskundeak hilabete batzuk barru direla eta haiek kosta lain kosta erakundeetara itzuli nahi dutela. 50 urte daramatzate hiltzen, eta sariren bat nahi dute. Patxi Lopez [Eusko Jaurlaritzako] lehendakaria tentu handiz ari da aztertzen agiria".

Gorka Maneiro (UPDko eusko legebiltzarkidea): "Ez da nahikoa"

"ETAren adierazpen honek ez du balio; ez da nahikoa. Desagertu beharra du, baldintzarik gabe. Alderdien Legeak segitu beharra du, eta alderdi politikoek bat eginda egon behar dute, "demokrazia defenditzeko".

Javier Arenas (Espainiako PPko zuzendaritzakidea): "Gobernuak terrorismoaren aurkako borrokan segitu beharra du"

"ETAk indarkeria uztea da espainiarrok nahi dugun bakarra. Beste su-etenen esperientzia badugu, badakigu beti berdin bukatu izan direla: oso gaizki Espainiako gizartearentzat. Gobernuak terrorismoaren aurkako borrokan dudarik gabe segitu beharra du".

Gaspar Llamazares (IUko parlamentarioa): "Motz geratu da ETA"

"Motz geratu da ETA. Izan ere, espero dena ez da su-etena ematea, baizik eta ekintza armatua behin betiko uztea. Dena dela, indarkeria uzteko bide horretan zerbait aurreratzen bada, ongietorria".

Rosa Diez (UPDko parlamentarioa): "Albiste ona da, baina zuhurtziaz hartu beharra dago"

"Albiste ona da ETAren adierazpena, baina zuhurtziaz hartu beharra dago. ETA su-etenean badago ere, demokraziak ez du hala egon behar. Zuzenbide Estatua erabiltzen jarraitu behar da, ETAk beste su-eten batzuk indartzeko baliatu izan dituelako".

Jaime Mayor Oreja (PPko eurodiputatua): "ETA eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari dira"

"ETA eta Espainiako Gobernua negoziatzen ari direla baiezta daiteke adierazpen honekin. Su-etenen aurretik beti egon izan dira negoziazioak ETArekin. Ezker abertzalea erakundeetan egongo da, 2011ko hauteskundeen aurretik edo gero elkarrizketa mahaiak eratuko dituzte...".

Kataluniako alderdiak

CiU: "Utzi ditzala armak ETAk. Gaurkoa ez da gizarteak eskatzen diona". PSC: "Desagertu dadila". ICV: "ETAk utzi dezala borroka armatua. Espainiako Gobernuak azter ditzala bake prozesura iristeko aukerak". ERCk ez du hitz egin oraindik.

Lokarri: "Ezker abertzalearen estrategia berriaren emaitza da ETAren iragarpena"

"ETAren agiria pauso berria da, garrantzitsua eta ahalmen handikoa. Bakera gerturatzen gaitu. Ezker abertzaleari zorionak eman nahi dizkiogu, bere estrategia berriaren emaitza delako ETAren iragarpena. Lidergoa eta ekimena ezker abertzalearen esku daude, ez ETAren esku. ETAk mehatxatutako pertsona guztiak orain lasaintasun handiagoz biziko dira, alde humanoa baita garrantzitsuena. Gaurko pausoa pertsona askok bakearen, giza eskubideen eta bizikidetzaren alde egindako lanaren fruitua da. Dena dela, agiria argitu beharra dago".

Espainiako CCOO: "Zuhurtziaz hartu behar da"

"Zuhurtziaz hartu behar da ETAren adierazpena, aurrekoetan modu dramatikoak bukatu izan direlako. ETAk, lehen pauso gisa, indarkeria erabat utzi beharra du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.