Baxenabarren atzemandako hiru gazteak libre utzi dituzte, eta adingabeko bat galdekatu dute

Elkarretaratzeak egin dituzte gazteekin elkartasunean eta poliziak gasa bota die Pauen bildutakoei

Erredakzioa
Baiona
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Poliziaren eskuetan inkomunikatuta egon ostean, atzo ilunabarrean aske utzi zituzten Behe Nafarroan herenegun atxilotutako hiru gazteek. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo goizean jakinarazi zuen beste 24 orduz luzatu zietela atxiloaldia, eta haien abokatuak ez zuela beraiekin egoteko modurik izan. Nolanahi ere, Paueko polizia etxean eduki ostean, atzo ilunabarrean utzi zituzten aske hirurak.

Jordi Foucher, William Indart eta Julien Bidart herenegun goizaldean atxilotu zituzten. Foucher Armendaritzen atzeman zuten; Indart, Bidarrain, eta Bidart, Ortzaizen. 2007an Donibane Garazin egindako manifestazio batean izandako istiluekin eta 2008an Baigorrin izandako kale eraso batekin dute zerikusia atxiloketak, Poliziaren arabera.

Polizia operazio horrekin lotuta, atzo Baigorriko gazte bat galdekatu zuten Mauleko polizia etxean. Adingabekoa da gaztea, eta Frantziako Gerseko departamenduan ikasten du. Gersetik Maulerako bidaia egin eta polizia etxean aurkeztu ondoren, aske geratu zen goizeko bederatziak aldera. Ordu horretan atxiloketak salatzeko elkarretaratzeko deia zegoen Zuberoako hiriburuan.

«Operazio mediatikoa»

Polizia operazioa salatzeko ekimen ugari egin dituzte azken egunetan. Hala, atzo, protesta ekimenak egin zituzten Ortzaizen 150 lagun inguru batu ziren eta Pauen 50. Haiei negarra eragiteko gasa bota zien poliziak.

Askatasunak salatu duenez, operazio horrekin hedabideetan oihartzuna izatea lortu nahi izandu Frantziako Estatuak. Hala, polizia operazioa Aurore Martinen aurkako erabakiaren bezperan egin dela nabarmendu du.

Halaber, Askatasunak jakinarazi du ez dela lehen aldia hiru gazte horiengana heldu direla poliziak. Izan ere, atxilotuetako bat jadanik galdekatu zuen 2007ko gertakarien harira. Euskal presoei Frantziak ezarritako bakartze egoera salatzeko, manifestazioa egin zen Donibane Garazin 2007ko azaroan. Bukaeran momentu bortitzak izan ziren. Harriak botatzea eta agenteak zauritzea leporatu zieten gazteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.