Frantziako Hezkuntza ministeritzaren partetik "inolako borondaterik ageri" ez dela salatu du Seaskak agiri batean gaurko mobilizazioa iragartzeko. Promesak ez direla betetzen salatu du bestalde: "Urteak dira Hezkunde Ministeritzak Euskararen Erakunde Publikoaren bidez azterketak euskaraz egiteko urratsak hitzeman dituela", gehitzen du, aurrerapausurik eza nabarmenduz.
Euskal Konfederazioak ere bat egin du eguerdiko elkarretaratzearekin: "Nahiz eta ikasketak osoki euskaraz segitu, historia, geografia eta matematika ikasgaiak bakarrik pasa ditzakete euskaraz, gaineratekoak frantsesez egitera behartuak direlarik".