Baxoa ikasleen mailara apaltzen ari delako kezkak eztabaida sortu du

Baxoa azterketa hasi dute Ipar Euskal Herriko 1.500 bat ikaslek, filosofiako lanarekin

ENEKO BIDEGAIN
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Ikasleak ikastetxeko sarrera nagusian biltzen dira, ari duen euri zaparradak ez baitu kanpora ateratzeko gogorik ematen. Baxoa edo batxilergoa hasi dute. Lehen azterketa bukaturik, bakoitza bere lanaren berri kontatzen ari zaio besteari. Filosofiako azterketarekin hasi zen atzo, baxoa. Jeremie, Mathieu eta Stephen borobilean ari dira solasean, motxila txikia bizkarrean. Lau orduko epea bukatu baino lehen atera dira gelatik, azterketa eginik, beste lagunen zain. Gaur, bihar, etzi eta ostiralean ere izanen dituzte lanak.

Uztailaren 4an ukanen dituzte emaitzak.Unibertsitatean sartzeko giltza lortu duten ala ez jakinen dute. Ez daude urduri. Gisa guziz, azken urteetako probabilitateen arabera, azterketa gainditzeko aukera handiak dauzkate. Iaz, hamar ikasletik zortzik gainditu zuten baxoa. Urtetik urtera, azterketa gainditze tasa gero eta handiagoa da. Azterketako zuzentzaileei notak ematerakoan eskuzabalak izan daitezen eskatzen zaiela kritikatu dute irakasle batzuek. «Baxoaren maila ikasleen mailara egokitu da, hauena gero eta apalagoa delarik», kritikatu berri du Catherine Pauchet Frantziako Hezkuntzan lanean ari den eta Baxoa kendu behar al da? liburua idatzi duen soziologoak.



AURREKONTU ARAZOA. Ikasleak gero eta eskasagoak direla erranez «zabaltzen ari den mezu» horrekin ez dator bat Agnes Sargeni irakasle eta CGT sindikatuko ordezkaria. Azterketak zuzentzen dituzten irakasleek beren lana serioski egiten dutela ziurtatu du. «Haurrek gero eta gauza gehiago dakite. Egia da erredakzio maila apaldu dela, haatik. Baina ikasgeletan ikasle gutxiago balitz, maila hobetuko litzateke. Iragarri dituzten lanpostu murrizteek ez dute egoera hobetzen lagunduko. Sistema honek ikasle hoberenei egiten die mesede. Ez dago baliabiderik besteak laguntzeko».

Eskola handietan sartzen diren ikasleek baxoa gainditu aitzin lortzen dute tokia, Pauchet soziologoaren arabera. Gelan dauzkaten noten arabera hartzen dituzte, urtarrilean. Horrek pentsatzera ematen dio unibertsitaterako jauzia beste gisa batez egin behar dela, eta urte osoko lanari eman behar zaiola balioa eta ez egun bakarreko azterketari. «Baxoa antolatzea 38 milioi euroko gastua da Frantziarentzat», dio. Diru hori ikasleak hobeki laguntzen erabil daitekeela uste du.

Unibertsitateko giltza baino zerbait gehiago da baxoa, Agnes Sargeniren ustez, ordea. «Ez da lehiaketa bat, gazteak pertsona jantziak eta hiritarrak bihurtzea du helburu». Horregatik, filosofiako azterketari garrantzia ematen dio, zientzia saileko ikasle anitzek ez bezala.

Mathieu eta Jeremie zientzia sailean dira. Mathieuk «metodoa ikasi» du, testu azterketa egiteko. «Idazlanerako kontzeptu gehiegi behar da ikasi». Stephenek garrantzia gehiago eman dio filosofiari. Gustatzen zaio. Letretako baxoan da. Filosofiako notak garrantzia handia dauka. Zientzietan ez hainbeste. Nota garrantzitsuena matematiketakoa eta fisikakoa da. Beste Mathieu bat eta Joel ingeniaritzako zientzia arloko baxoa pasatzen ari dira. «Kalteak mugatzen» ahalegindu da Joel. Ingeniaritza termikoa eta energia ikasketak eginen ditu batek, geometria topografikoa ikasiko du besteak.

«Forma aldetik, gazte horiek arrazoi dute filosofiako azterketari garrantzirik emateko», komentatu du Agnes Sargenik. «Baina funtsaren aldetik, makur dabiltza. Medikuntza eta ikerkuntza egin nahi duten gazteek ezin dute etika eta filosofia baztertu. Zientifikoek ezin dute zernahi asmatu, asmatzeko aitzakian. Begira bonba atomikoa, begira transgenikoak... Transgenikoak sortu dituzten zientifikoek ez dute gogoeta etiko handirik egin». Gaurko gaietariko bat hau zuten: Arteak errealitateaz dugun kontzientzia alda al dezake?



ZenBaKIa

200

Bigarren mendeurrena. Gaur beteko dira 200 urte Napoleon I.a Frantziako enperadoreak batxilergoa sortu zuenetik. Lehen urtean, 30 ikasle aurkeztu ziren azterketara. Urtetik urtera, gero eta azterketa handiagoa bihurtu da, bai edukiz, bai ikasle kopuruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.