Lehen minutuan hasi ezineko jokaldiak, mendeko lehia, kinielak, jokoz kanpo, berdinketa teknikoa... Bozkalari kirolari. Eta gure herriko propaganda oholek erdi-hutsik segitzen dute. Kalea ez da saregile sozialen plaza nagusia orain, hedabideetan jokatzen da tokia eta hitza eskuratzeko, iritzi publikoan eragiteko benetako lehia. Kirola nola, politika ere pantaila bati begira egin behar dugu, ikusle pasiboen olatuak homologatu gaitu Mendebaldeko beste askorekin, zenbat eta iritzigile gehiago izan mendietan zure alde, orduan eta garaileago zara. Raxoiri buruz ari naiz, Espainian. Euskal Herrira begira, ikusteko dago hain itsu lagunduko ote dioten PPkoari media horiexek hemendik aurrerako bidean egin beharreko zenbait urratsetan. Eta PSOEk bere buruari ukatu dio urratsok egiten hasteko aukera, Jose Luis Rodriguez Zapaterok Ajuria Enean asteon egindako agerraldia adibide ezin argiagoa: New Yorkeko metroko speaker baten jarduna sentituagoa izan zitekeen.
Eta «ETArik gabeko lehendabiziko hauteskunde kanpaina» izendatu dutenean ETAri buruz hitz egiten digute etengabe, nola ez; eta ETAk berak ere hitz egin du, nola ez. Jakinekoa zen urriaren 20ko su-eten iraunkor eta orokorraren iragarpenak eragina izango zuela lehian, bagenekien PSOEk eta PPk horrekin elkarri mokoka ez aritzeko ituna itxita daukatela —krisi ekonomikoa askoz interesgarriagoa zaie egun Espainiako gizartearen beldurrik oinarrizkoenak xaxatzeko—, ikusteko dago kanpainaren emaitzek zer eragin izango duten gurean abian den prozesuan. Kontakizunaren garrantziaz mintzo garen garaiotan dakusagun errebisionismo historikoak ez du ezer onik iragartzen. «Euskal Herrian biktima bakarrak ETArenak dira» lasai arraio eta demokrata labela paparrean erantsita esatea, adibidez. Ez dago frankismoa nozitu zuen inor hautesleen artean, bistan da. Eta baldin badago, inori ez dio inporta. Duela 36 urteko azaroaren 20an hil omen zen Francisco Francok, azken hatsa ematean, berekin eraman zituen —zeru nazional-katolikorantz, jakina— 3 urteko gerraren eta 40 urteko diktaduraren biktima guztiak, senide, memoria eta guzti. Duela 27 eta 22 urteko azaroaren 20an tiroka akabatu zituzten Xanti Brouard eta Josu Muguruza politikariak ez omen ziren euskal herritarrak…
Bazen behin azaroaren 20 bat, bai. Eta beste bat. Eta beste bat. Eta datorren igandekoa beste bat izango da. Futbol partida bati bezalaxe begiratu behar omen diogu. Bateko eta besteko esatariari errietaka, nahi badugu, baina lasai. Etxeko besaulkitik mugitu gabe, erran nahi baita. Eta hurrengo egunean, ezer gertatuko ez balitz bezala, lanera. Baldin badaukazu. Bestela, bateko eta besteko esatariari errietaka segi dezakezu, baina lasai. Etxeko besaulkitik mugitu gabe, erran nahi baita.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Begiradak
Bazen behin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu