Euskal Herria

Baztan Uemako 71. udalerria bihurtu da

Zumaian (Gipuzkoa) urteko batzar nagusia egin du gaur goizean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak.

Baztango ordezkariak, gaur. UEMA
urtzi urkizu
2013ko abenduaren 14a
19:15
Entzun

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen 2014ko egitasmoaren helburu nagusia "hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak egin eta eragitea" izango dela azaldu du gaur goizean Zumaian Maren Belastegi Uemako lehendakariak. "Gure udalak hizkuntza politikan aitzindari izaten jarrai dezaten, eta udalerri euskaldunei euskararen normalizazioan duten garrantzia aitortzeko, beharrezko ditugun baliabideak exijitzen jarriko dugu indarra", gaineratu du.

Indar horretan bere ekarpena egingo du gaurtik aurrera Nafarroako Baztan udalerriak. Uemako 71. herria bilakatu da Baztan, eta Zumaiako batzarrean izan dira Garbiñe Elizegi alkatea, eta Maitane Maritorena eta Maite Oteiza zinegotziak. Azkeneko datuen arabera, Baztango herritarren %75 da euskal hiztuna, eta %12k euskara ulertzen dute baina ez dute hitz egiten. Baztango alkatearen ustez, euskaraz bizitzeko Nafarroako Gobernuak jartzen dituen «trabak» ikusita, «beharrezkoa da Uema bezalako erakundeetan egotea». Inguruko beste herriak animatu ditu Elizegik pauso hori emateko. «Uemak ematen dituen tresnekin lana errazago egin ahal da, eta udalerrien arteko elkarlana sustatzen du», nabarmendu du alkateak.

Indarrak bildu eta batera lan egitea bultzatu nahi du Uemak. Hego Euskal Herriko udal gehiagorekin harremanak abiatuko ditu datorren urtean. Halaber, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileekin eta eragile politikoekin abiatutako elkarrizketekin jarraituko dute Uemako ordezkariek. "Hainbat herritan egin ditugun arnasguneen tailerrekin jarraituko dugu, eta gainera, Uemako udalerrietan euskararen ezagutzaren eta erabileraren bilakaera aztertuko dugu", azaldu du Belastegik. «Udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskara izan dadin lortu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.