Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako kritiken haritik -besteak beste, Ertzaintzan eta Osakidetzan ez direla hizkuntz normalizaziorako Europako araua betetzen-, euskararen normalizazioan oraindik hutsuneak badirela onartu du Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak. Baina hutsune horiek hizkuntz politikaren inguruan eztabaida sortzeko erabiltzen direla kritikatu du, eta hori bide okerra dela iritzi dio. "Hutsune horiek badaude,baina uste dut oso gaizki egingo genukeela batzuek egin ohi duten bezala erabiliko bagenitu beste batzuen kontra egiteko", esan du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
Hutsuneak gainditzeko "denbora" eta euskararen aldeko neurriak behar direla erantsi du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Jaurlaritzaren eremuan, bederen hartzen direla. "Euskarak aurrera egiteko denbora behar du eta aldeko neurriak behar ditu. Eta galdera da, ari al gara erkidegoan herri erakundeak, gizartea, neurriak hartzen euskararen erabilera gero eta handiagoa eta zabalgoa izan dadin? Aurrejuzkurik gabe begiratzen duenak baiezkoa erantzungo du".
Ildo horretatik, euskararen aurkariak instituzioetan ikusten dituztenak erratuta dabiltzala nabarmendu du Hizkuntz Politikarako sailburuordeak: "Gure artean pentsatzen badugu herri erakundeetan, administratzioetan, Jaurlaritzan, diputazioetan, udaletan,herri ekimeneko zeinbait mugimendutan daudela euskararen etsaiak oso oker gabiltza".
Areago, aurkakotasun horiek ikusten dituztenei euskara liskar giroarekin identifikaraztea egotzi die, eta hizkuntz politika on bat egiteko doi-doi kontrakoa behar dela agertu du. "Zenbaitek egin ohi duen moduan [euskara] beti liskarrarekin, albiste negatiboekin, gorabeherekin lotzen badugu, ez diogu batere mesederik egiten. Hobe dugu erakargarritasunarekin, baliagarritasunarekin, gozamenarekin eta elkarbizitzarekin lotzea".
Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak erabilera sustatzeko Pixka bat es mucho lelopean abiatu duen kanpainaren helburua, hain zuzen, euskara balio positibo horiekin lotzea dela azaldu du.
Baztarrika: "Pentsatzen badugu herri erakundeetan daudela euskararen etsaiak oso oker gabiltza"
Euskararen normalizazioan hutsuneak badirela onartu du Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak, baina "batzuek besteen kontra egiteko" erabiltzea ez dela zilegi azpimarratu du. Aurrera egiteko euskara elkarbizitzarekin eta balio positiboekin lotzea ezinbestekoa dela iritzi dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu