EAEko lehendakariaren urte amaierako mezua

"Bazterketarik eta indarkeriarik gabeko egoera batean" herri galdeketa egiteko konpromisoa berretsi du Ibarretxek

2004rako hiru desio nagusi dituela agertu du Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak urte amaierako mezuan: bakea, elkarrizketa eta elkarbizitza, eta helburu horiek lortzeko lan egingo duela agindu du. Ibarretxek azaldu du bakea lortzearren alderdi politiko guztien arteko elkarrizketak hasi nahi dituela, eta estatutu berri proposamenak ere xede hori duela. Ildo horretatik, "bazterketarik eta indarkeriarik gabeko egoera batean" herri galdeketa egiteko konpromisoa berritu du, eta Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren elkarbizitza ezin dela "inposaketa eta autoritarismoan" oinarritu nabarmendu du.

2003ko abenduaren 31
13:14
Entzun
Lehendakariak esan du Euskal Herriaren, euskal nazioaren eta euskal gizartearen kontzeptu berria defenditzen duela; hain zuzen ere, "hemen bizi eta lan egiten dugunok" definitutakoa. "Hemen bizi eta lan egiten dugun guztiok gara euskaldunak; euskaldunak izateko berdin zaigu zein dengure jaioterria: Coruña, Dakar edo Gasteiz; era berean, berdin zaigu nori ematen diogun botua: PPri, Batasunari, PSOEri, EAri, EBri edo EAJri. Eta hori da garrantzitsuena: gaur hemen bizi eta lan egiten dugunok, gure etorkizuna eztabaidatu, negoziatu eta erabaki dezagula", nabarmendu du Ibarretxek urte amaierako mezuan.

Bere iduriko, asmo hori betetzeko urratsak zein diren ere argitu du:Eusko Legebiltzarrean ideia eta proposamen guztiak eztabaidatzea, ideia eta proposamen guztiak negoziatzea, eta Eusko Legebiltzarrak "indarkeriarik eta bazterkeriarik gabeko egoera batean" proiektu bat onartzen badu, hari buruzko herri kontsulta demokratiko bat egitea. "Hauxe izan zen nire konpromisoa, 2001eko maiatzean, eta hauxe da nire konpromisoa gaur. Eta horrela adierazi nahi dizuet, lasaitasun eta ziurtasun osoz. Elkarbizitzarako bide bakarra, elkarrizketan aritzea da. Elkarrizketek, eztabaidek ez dute zatitzen, ez dute apurtzen. Apurtzen duena, zatitzen duena, elkarrizketari eta eztabaidari uko egitea da", adierazi du.

Bakearen beharra nabarmendu du lehendakariak urte amaierako mezuan, eta, bereziki, "ETA soberan" dagoela azpimarratu du, eta biktimen gogorapen hunkitua egin du. "Bakea desio dut, gure herriak urte asko, gehiegi, eman dituelako indarkeriaren astinaldia, eta bere ondorio ikaragarriak jasotzen, bai gizakiengan, bai gizartean bertan ere. Bakea, ETA soberan dagoelako. Bakea, ezin dugulako biktima gehiagorik izan. Biktima horiek gaur emozioz gogoratu nahi ditut. Ezin dugu onartu, mehatxatuta eta jazarpenak sufritzen dituzten pertsona gehiago izatea, beraien ideiak defendatzen dituztelako bakarrik. Bakea, behin betiko, pertsona guztien Giza Eskubideak errespetatu behar ditugulako, inongo bereizketarik gabe".

Bakerako deia ez ezik, elkarbizitzaren aldekoa ere egin du Ibarretxek, eta Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko harremana ezin dela "inposaketan eta autoritarismoan" oinarritu adierazi du: "Familia edo bikote batean gertatzen den bezala, Herrien arteko elkarbizitza, Euskal Herri eta Espainiako Estatuaren arteko elkarbizitza, ezin da eraiki inposaketa eta autoritarismoa oinarritzat hartuz. Behar dugun elkarbizitzarako proiektuak, elkarren arteko errspetua izan behar du oinarri giza, bakoitzaren nortasuna onartuz eta, batez ere, askatasunez, elkarren arteko proiektua nola eraiki behar den erabakitzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.