Iragarpenak bete eta zuri-zuri daude berriro Euskal Herriko bazter asko, itsasertzeraino. Bilbon, esaterako, mara-mara egin du elurra bolada batean, eta Donostia ere zuritu da. Baina arazoak ere berarekin ekarri ditu elurrak, batik bat, errepideetara, eta oztopoak eta trabatutako bideak aurki daitezke han eta hemen.
Araban, N-1 errepidean dute arazo nagusia, Iruraiz-Gauna parean. Izan ere, bart goizaldean kamioi batek artaziarena egin du eta traban geratu da. Elurrak zaildu egin du kamioia kentzeko lana, eta, ondorioz, itxita dago errepidea pare horretan. A-3100etik bideratzen ari dira trafikoa. N-240 errepidea ere itxita egon da tarteka Gasteiz eta Legutio artean, eta N-622an ere arazoak izan dira Zuia inguruan. Horrek guztiak auto pilaketa handiak sortu ditu AP-68an, eta ilara luzeak daude.
Bizkaian,Trabakua eta Kanpazarko mendateetan daude arazo handienak: zenbait ibilgailu harrapatuta geratu dira eta elurra kentzeko makinak lanean ari dira haiei bidea irekitzeko. BI-625 errepidean zenbait istripu txiki izan dira, eta, ondorioz, ilarak sortu dira Zaratamo, Arrankudiaga eta Ugao-Miraballes inguruan. Era berean, Bilbon, bidaiari autobus batek eta auto batek elkar jo dute Rontegiko zubian, eta inor zauritu ez den arren, ilarak sortu dira.
Gipuzkoan, N-1 errepidea itxita egon da tarteka Etxegarateko mendatean, hain zuzen ere, makinek bidea garbitu ahal izateko. Gi-631 errepidea ere itxi dute tarteka Zumarraga eta Azkoiti artean. Halaber, arazoak daude Deskargako mendatean, Debagoienan eta Urola garaian. Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak Debagoienean dituen eskoletan klaseak bertan behera utzi dituzte gaur.
Nafarroan alerta horia ezarri dute elur eta izotz arriskuagatik, batik bat, iparraldean. Esaterako, Altsasu, Irurtzun, Mugairi eta Agoitz zurituta daude. Urbasako mendatean kateak ezinbestekoak dira.
Ekaitza
Bazterrak berriro zuri
Arazoak sortu dira hango eta hemengo errepideetan, eta kontu handiz ibiltzeko eskatu dute agintariek. Mondragon Unibertsitateak bertan behera utzi ditu eskolak Arrasate eta Eskoriatzako egoitzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu