BerriaTB-ren mahai ingurua. Kanporaketak ondo eta finalaurrekoak hobeto

Bertsolari Txapelketa Nagusiak eman duenaz eta emango duenaz aritu dira solasean Berria TBn.

2013ko azaroaren 7a
09:37
Entzun

[YouTube]http://youtu.be/39A7hZi-PD8[/YouTube]

Bertsolari Txapelketa Nagusiak fase bat igaro du, eta balantzeak egiteko ordua iritsi da. Hain zuzen ere, horretan aritu ziren, atzo, Berria TBk antolatutako mahai inguruan Gorka Azkarate BERRIAko analista, Xabier Sukia bertsolari eta Euskadi Irratiko esataria eta Saioa Alkaiza bertsolari eta kazetaria. Beñat Zamalloak gidatu zuen saioa.

Txapelketa hasi zenetik bost kanporaketa jokatu dira, eta saioak «erregularrak» izan direla iritzi zion Azkaratek. "Saioak ez dira lehertu. Jendea bertso gosez joan da saioetara, baina saioek ez dute oso gora egin". Sukiak eta Alkaizak, beren aldetik, txapelketaren beraren maila defenditu zuten: "Bertsolari onenak daude txapelketan", arrazoitu zuen Sukiak: "Bertso txarrak atera daitezke, baina bertsolari txarrik ez dago hor. Inor ez da txapelketara despistatuta joaten; nik zentratuta eta emateko gogotsu ikusi ditut. Hasierako ariketetatik". Alkaizak ere kanporaketen balorazio ona egin zuen: "Lehertu gabeko saioak izan dira, baina oso balorazio positiboa egiten dut".

Hiru adituek ikus-entzuleen, bertsozaleen, erantzuna azpimarratu zuten. "Berez, entzuleak beti izan du izugarrizko prestasuna saioak entzuteko", Alkaizaren iritziz: "Bertsolariek ere erantzun diote, nahiz eta ez den egon saio biribilik. Dena dela, txapelketan dena lupaz aztertzen dugu, perfekzioaren bila, eta inprobisazio ariketa bat den neurrian hori ezinezkoa da".

Finalaurrekoetan saioek gora egingo dute. Horretan bat datoz hirurak. Azkarateren iritziz, aurreko finaletan aritu direnek «plus bat» emango diote txapelketari. "Maila igoko da nahitaez. Saioak onak joango dira ezinbestean". Sukiak uste du oso irekia egongo dela finalerako sailkatzea. "Zer da ezustea? Beñat Gaztelumendi finalean sartzea? Orain dela lau urteko finalista bat kanpoan gelditzea? Ba ez dut uste".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.