Nazioarteko jurisprudentzian aditua da Ana Isabel Perez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, eta mintzagai izan du Maria Servini epaileak Frankismoko lau polizia tortura kasuengatik atxilotu eta estraditatzeko eskatu izana.
Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskala lau poliziak atxilotzearen kontra azaldu da, eta Perezek ez du uste Espainiak Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño atxilotu eta Argentinara estraditatuko dituenik. "Askoz zailagoa izango da Espainian bertan, Frankismo garaian gertatutako tortura delituengatik, prozedurak irekitzea", erantsi du.
Arazoa, batez ere, frogetan datza, Perezen hitzetan. "Askotan oso zaila da frogatzea tortura sufritu dela, edo indibidualizatzea nor izan den arduraduna, hau da, delitugilea".
Perezi eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk.