BBVAk 7.087 milioi euro behar ditu Europako Batasunak banku nagusiei eskatu dien kapitalizazio premia berriei aurre egiteko. "Ia kontrolpean ditugu 4.700 milioi euro", esan zuen atzo Angel Cano BBVAko kontseilari ordezkariak, Madrilen, urteko lehen bederatzi hilabeteko emaitzen aurkezpenean. Haren arabera, ez dute merkatu pribatuetara jo beharko diru bila.
Europako Batasunak datorren uztailaren bukaerarako %9ko core tier-1 kapitala eskatu die banku nagusiei; hau da, kalitate goreneko aktiboen portzentajea (uztaileko estres testetan %5ekoa eskatu zuten). BBVAk %8koa lortu zuen uztaileko estres testetan, baina %9koa lortu du irailean.
%9ra iristeko dirua behar duten bankuei mugatu egingo dizkiete akziodunentzako sariak eta langileentzako gainsariak, muga horretara iritsi arte.
BBVAk 3.143 milioi euro irabazi ditu aurten urrira arte, iaz epe berean baino %14 gutxiago, krisiaren eta merkatuen egoeraren ondorioz. Irabazien jaitsiera askoz ere handiagoa izan da Hego Euskal Herrian eta Espainian, %38koa. Finantza aktiboek balio galtzeak 2.890 milioi euroko galerak eragin dizkio aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan. Asko, baina iaz baino %19,9 gutxiago. Likidezia ere hobetu du, gordailuetako dirua %10,3 handitu baitu.