Bihar BERRIAk Bea Zabalondo lehendakariari egindako elkarrizketa argitaratuko du. Hauek dira esandako batzuk:
"Herri bat izan nahi badugu, gure hedabideak behar ditugu. Ez dago esan beharrik euskaraz behar dutela izan".
"Gure erreferentziak sortzeko ezinbestekoa da BERRIA bezalako proiektu bat. Gure iruditeria sortzeko, gure etxetik begiratzeko, Euskal Herriaren bizia adierazteko, eta gazteek bizi hori zer den ikusteko, beharrezkoa da BERRIA".
"BERRIAlagunaren figurak laguntzen digu diru bilketan. Baina are gehiago da: komunitate bat sortzea BERRIAren eta euskal kulturaren inguruan".
"Langileei esan nahiko nieke egiten duten lana balio handikoa dela, eta etorkizunari begira, ezinbestekoa".
Ibilbide profesionala
Beatriz Zabalondok (Elgeta, Gipuzkoa, 1961) Ingenieritza Teknikoa eta Kazetaritza ikasi zituen EHUn. Itzulpengintzari lotua gehienbat, ETBren ia sorreratik, bikoizketarako gidoiak itzuli-egokitzen eta zuzentzen aritu izan da, barne produkzioko hainbat telesailetan hizkuntza arduradun ere bai, esate baterako, Martin-en.
Euskaldun Egunkaria-ren sorrerako eta itxi aurreko urteetan euskara taldean aritua da, eta BERRIAren lehen urteetan ere bai. Bi egunkarion estilo liburuen idazkeran parte hartu du.
EIZIEko lehendakari eta lehendakariorde ohia da.
Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean, Komunikazio ikasketetan irakasle eta Ikus-Entzunezko Komunikazio Graduaren koordinatzaile izandakoa.
EHUko irakaslea.