Garraioa

Beasain-Bergara autobidea 2022ko ekainaren 30a baino lehen izango da ordainpekoa

Data oraindik erabakitzeko dagoela esan du Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide diputatuak.

GI-632 errepidea. Deskargako lanak, 2017an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2020ko irailaren 9a
14:52
Entzun

Data «zehazteko» dagoela, baina Beasain-Bergara (Gipuzkoa) autobidea erabiltzeagatik ordaintzen hasi beharko dela 2022. urteko ekainaren 30a baino lehen. Hala adierazi du behintzat Aintzane Oiarbide Gipuzkoako Foru Aldundiko errepide diputatuak gaur.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako errepide azpiegitura batzordean aurkeztu du Oiarbidek bidesaria ebatziko duen foru araua. Batzar Nagusiek oniritzia eman beharko diote oraindik arauari, baina proposamenak zehazten duenez, ibilgailu motordun guztiek ordaindu beharko dute, motozikletek izan ezik. Dagoeneko N-1 errepidean eta A-15ean ezarritako moduko teknologien bidez kobratuko dute.

Oiarbidek proposamena defendatu du, argudiatuz dagoeneko badirela Gipuzkoan ibilgailu guztientzako bidesaria daukaten errepideak, AP-8 eta AP-1 kasurako, eta bakarrik kamioientzat: A-15 eta N-1.

Sistema orain A-636 autobidean ezartzea "neurririk eraginkorrena, bidezkoena eta koherentea" dela esan du Oiarbidek. Azaldu duenez, bidesaria ezartzeak "bistan utziko du azpiegitura egitea, mantentzea eta zaintzea kostatzen dena, eta gastua erabiltzen dutenen bizkar geratuko da". Horrez gain, "lurralde orekari" eusten lagunduko du.

Erabiltzaileek Abiatu gailua eduki beharko dute, ordaintzeko, edo autoaren matrikula banku kontu batekin lotzeko datuak eman beharko dituzte. Abiatu gailuak eskaintzen dituen deskontuak eta gastu mugak erabili ahalko dira errepide horretan ere.

Erabiltzaileak zenbat ordaindu beharko duen aurreikusteko zenbakiak eman ditu Oiarbidek: horien arabera, Beasain-Ormaiztegi ibilbidea egingo duen auto gidari batek 0,38 euro ordaindu beharko ditu; Ormaiztegi-Zumarraga egiteko, beste 0,74 euro; Legazpi/Urretxu-Bergara, 1,41 euro; eta Legazpi/Urretxu-Antzuola, 0,48. Ibilgailurik astunenek 0,78, 1,50, 2,87 eta 0,98 euro ordainduko dituzte ibilbide horiengatik, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.