euskal encounter

BEC sarean harrapatuta

Hasi da 23. Euskal Encounter. Segundoko 40 giga eskaintzen duenez, munduko topaketa azkarrenen artean kokatu da. Sei mila lagunetik gora elkartuko dira gaurtik igandera bitartean.

Hogeita hirugarrenez ireki dizkiote BECeko ateak informatika eta bideojokoen ekimenari. EUSKAL ENCOUNTER
2015eko uztailaren 23a
11:26
Entzun

Inauguratu dute Euskal Encounter 23, eta beraz, hasi da festa informatika eta bideo jokoen zaleentzat. 6000 lagun baino gehiagok beteko dute Barakaldoko BEC lau egunez, -eta gauez-. Aurtengo bilkura "inoiz baino azkarragoa" dela azpimarratu dute antolatzaileek. Interneteko konexio abiadura bikoiztu egingo dute aurten, erabiltzaileek banda zabal gehiago izateko eta sarean nabigatu eta jolasteko erosotasun gehiago edukitzeko. Segundoko 40 giga eskainiko dituzte.

Euskalteleko lehendakariak, Alberto García Erauzkinek, hitz egin du aurkezpen ekitaldian eta gogorarazi du "23 urteren ondoren, bilkura erraldoiak arrakasta izaten jarraitzen duela". Bertan izan dira, baita ere; Estibaliz Hernaez, Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Garapen sailburuordea; Bizkaiko Foru Aldundiko Behatokiko zuzendari Maitane Leizaola; Alberto García Erauzkin, Euskalteleko lehendakaria; Sabino San Vicente, Euskaltel Konektako arduraduna etaekimenaren antolatzailea eta Euskaltel Konekta fundazioko zuzendari Nerea Lupardo.

Gaurtik igandera bitartean Bilboko Exhibition Centren egingo den topaketak elkarren artean konektatutako ordenagailu sare erraldoia izango du, 35.000 metro koadroko azalera batean. Lau egunotan, etenik gabeko jarduera izango da bertan, dozenaka ekintza eta lehiaketarekin. Dibertsioa, elkarlana, formakuntza eta ekintzailetza bateratzea du helburu ekimenak.

Marka berriak hausten ditu Euskal Encounterrek urtetik urtera, baita izen emateekin ere; ordu eta erdi baino gutxiago behar izan dituzte aurten zaleek 4.096 eserlekuak betetzeko. Lau ordu behar izan zituzten iaz. Guztira 6000 parte-hartzaile bilduko dira BECen.

Esperientzia berriak
Formakuntzak espazio berezia izango du aurten, publikoari irekitako hitzaldi eta tailerrekin, eta Euskaltel Gaztea Kopa eta Occulus Survival Horror Experience esperientzia berriak ere bertan dira.

Publikoari irekitako hitzaldi egitarau zabala izango da, beraz, gai anitzekin: domotika, 3D inprimagailuak, txikiei zuzenduriko robotika; bideo jokoak eta hezkuntza; hegaldi profesionalaren simulazioa; edo merkataritza elektronikoaren lege betebeharrak.

Era berean, ekintzaile teknologikoei zuzendutako prestakuntza jarduerak izango dira, euren proiektuak martxan jar ditzaten laguntzeko. Lehiaketen eta aisialdiaren atalean, berriz, Euskaltel Gaztea Kopa jokatuko da, on line eta presentzialki, FIFA 15 bideo jokoaren inguruan.

Partaideen interesa piztu duen berrikuntzetako bat Occulus Survival Horror Experience izan da. Bertaratzen direnek, errealitate birtualeko betaurrekoen bitartez, esperientzia “ikaragarria” bizi ahal izango dutela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.