Bilboko epaitegi batek bederatzina hilabeteko espetxe zigorra ezarri die abiadura handiko trenaren aurkako bi ekintzaileri, 2009ko abenduan Durangon trenaren kontrako protesta batean parte hartu izanagatik. Durangoko Azoka egiten ari zen egunetan, autobus bat geldiarazi, eta haren gainera igo ziren bi gazteak. Ondoren, atxilotu egin zituzten.
Fiskalak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen bi ekintzaile durangarrentzat, baina atzo Bilbon egin behar zen epaiketaren aurretik eskaera txikitu egin zuen, eta bi akusatuek onartu egin zuten, azkenik, akusazio publikoaren zigor eskaera.
AHT Gelditu! plataformak kritikatu egin du Durangoko bi gazteen kontra abiaturiko prozesu judiziala, eta gogoratu du datorren astean, hilaren 19an, beste gazte durangar bat epaituko dutela Donostian, AHTaren kontrako ekintza batean parte hartzeagatik. 2008ko maiatzean, Ordizian (Gipuzkoa), Mariarats auzoan AHTeko lanak hasi zirela salatzeko antolaturiko protesta manifestazio batean parte hartu zuen, eta atxilotu egin zuten. Agintearen kontrako atentatua leporatzen diote gazteari, eta fiskalak hiru urteko kartzela zigorra eskatzen du harentzat.
Bederatzi hileko espetxe zigorra ezarri diete AHTaren aurkako bi ekintzaileri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu