Hauteskunde kantonalak

Bederatzi kantonamendutan iraganen da bigarren itzulia

Hamar kantonamenduetatik bederatzitan bigarren itzulia iraganen da helduden igandean. Iholdiko kantonamendua da lehen itzulitik kontseilari nagusia izendatu duen bakarra : Jean-Louis Caset, orain arteko bera. Sorpresa handiena Hazparnen gertatu da, bigarren itzulia gertatzeaz gainera, azken 30 urteetako kontseilari nagusia lehiatik erretiratu baita.

2004ko martxoaren 22a
11:12
Entzun
Jacques Coumet, orain arte beti lehen itzulitik garaile ateratzen zena, bigarren gelditu da, bozen %30 baino gutxiagorekin. Lehiatik ateratzea erabaki du, Beñat Intxauspek bozen %45 lortu baitu.

Garaziko kantonamenduko kontseilari nagusia Frantxoa Maitia izan daiteke. Inoiz izan ez duen aukera dauka, Alfontxo Iriart eskuineko hautagairen emaitzetatik arras hurbil gelditu ondoan. Ikusi beharko da zer jarrera hartzen duen Peio Iralur abertzaleak.

Sorpresa izan da Atharratzeko kantonamenduan ere, Michel Arhanzetek ez baitu lortu lehen itzulitik bozen %50a gainditzea. Emaitza horretatik hurbil gelditu bada ere, bigarren itzulian Ruben Gomez ezkerrekoaren aurka lehiatu behar izanen du.

Baionako kantonamenduetan, ezkerreko hautagaiek eskuineak postura zailean ezarri dituzte. Hiru kantonamenduetan iraganen da bigarren itzulia eta gauzak estu jokatuko dira.

Angeluko kantonamenduan, Jean Espilondo orain arteko kontseilari nagusi sozialistak bigarren itzulia izanen du, bainan emaitza oso onak lortu ditu eta irabazteko aukera handiak dauzka.

Miarritzen, Max Brissonek ez du lortu lehen itzulitik garaile ateratzea. Haatik gehiengo absolututik hurbil dago eta irabazteko aukera handiak izan ditzake.

Bastidan ere jokatuko da bigarren itzulia, Jean Castaings orain arteko kontseilari nagusia eta Leopold Darritxonen artean. Castaings-ek emaitza arras onak lortu ditu.

Abertzealeak arbitro izanen dira. Batera plataforma ere bai. Ondoko oren eta egunetan eztabaida eta negoziazioak irekiko dira, nork zein sostengatuko duen ikusteko.  
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.