Adif Espainiako Trenbide Azpiegituretarako Kudeatzaileko hainbat funtzionario eta Corsan enpresa kontratistako zuzendaritzako hainbat kide atxilotu dituzte gaur Espainian eta Herrialde Katalanetan. Oraingoz bederatzi lagun, Espainiako Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, bederatzi atxilotuei hauxe leporatu diete: Madril-Bartzelona AHTko hainbat proiektutan neurketak nahita aldarazi eta manipulatzea, gainkostu bat eragin eta "legez kanpo" sei bat milioi euro eskuratzeko.
Atxiloketez gain, Guardia Zibilak bederatzi bulego miatu ditu, Adifenak eta enpresarenak. Operazioa aurrera eraman duen Bertzelonako Auzitegiko 9 zenbakiko epailea ikertzen ari da ea Corsan enpresak eta Adifeko funtzionarioek bat egin zuten enpresari onura egiteko Adifen diru publikoaren kaltetan. Hori, gainera, behin baino gehiagotan egin zutela uste du fiskaltzak. Hain zuzen ere, neurketak manipulatzeaz gain, egindako herri lanen agiri ofizialak faltsutu zituzten erakusteko benetan baino lan gehiago egin zituztela. Gauzak hala, besteak beste, diru publikoak bidegabe erabiltzea, agiriak faltsutzea eta eroskeria egitea leporatu diete atxilotuei.
Corsan enpresa hainbat lan publiko egiten ari da gaur egun, Espainian eta Herrialde Katalanetan ez ezik, baita Euskal Herrian ere. Besteak beste, Euskal Y-ko hainbat zatitan ari da lanean: Tolosa-Hernialde, Zizurkil-Andoain, Zornotza-Lemoa eta Elorrio-Atxondo zatietan hain zuzen ere. Gipuzkoako zatiko bi obrak Jaurlaritzak kudeatzen ditu, eta Bizkaiko biak, berriz, Adifek. Horrez gain, Nafarroako ubideko ureztatzeaz arduratzen den Aguacanaleko akzioduna da. Corsan enpresako akziodun nagusia Luis Delso enpresari espainiarra da.
Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak agindu du Justiziari behar duen informazio guztia emango diola ustezko ustelkeria kasu hau argitzeko.