Kalera bota zituen hamasei langileetatik bederatzi berriz hartu ditu Incoesa enpresak, LAB sindikatuarekin akordio bat egin ondoren. Joan den abenduaren 28an lortu zuten akordioa, sindikatuak jakinarazi duenez, eta hori egiteko ezinbestekoa izan da langileek lankideak kaleratzearen aurka azaldutako jarrera. Urtarrilaren 2tik aurrera, mugarik gabeko grebarako deialdia egin zuten, baina akordioa dela medio bertan behera geratu da.
LABek azaldu duenez, Incoesa enpresak adierazi die lau erretiro aurreratu tramitatuko dituela, negoziazioak egingo dituela enpresaren etorkizunaren inguruan hitz egiteko eta lan itun kolektibo bat egingo duela. LAB sindikatuak langileak zoriondu ditu "enpresaren inposizioei aurre egiteagatik", eta aldarrikatu du mobilizazioa dela langileen lan baldintzen "defentsa eraginkorrerako tresna bakarra".