Erasoa gertatu eta ia bi urtera eman dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horretaz gain, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute lapurretagatik —sakelako telefonoa kendu zioten emakumeari—.
Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte auzipetuak. Horrek esan nahi du epaimahaiak ez duela frogatutzat jotzen indarkeria egon zenik. Intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik ere absolbitu dituzte. Ricardo Gonzalez magistratuak boto partikularra eman zuen. Absoluzioa eskatzen zuen bost akusatuentzat, eta sakelakoaren lapurreta soilik aintzatesten zuen.
Epaiak jasotzen duenez, "salatzaileak estutasun eta urduritasun handia sentitu zuen" auzipetuak hura biluzten hasi zirenean. Egoerak "harridura eragin zion eta men egitera eta jarrera pasiboa hartzera bultzatu zuen, akusatuek esaten ziotena egitera behartuz, denboraren zatirik handiena begiak itxita mantenduz". Epaiak gaineratu du auzipetuek emakumearen egoera "baliatu" zutela "izaera sexualeko" hainbat ekintza gauzatzeko.
Erasoa gertatu zenetik egon dira espetxean behin-behinean. Aldeek iragarri dute helegitea jarriko dutela. Horien artean, Nafarroako Gobernuak; herri akusazio gisa aurkeztu baita.
Kasua aztertu duen epaimahaiko buruak agerraldi batean eman du akusatuei jarritako zigorraren berri. Hedabide bakoitzeko kazetari bat sartu ahal izan da aretoan.
Sevillako (Espainia) bost gizonezko dira zigortutakoak. Fiskalak 22 urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra zuen eskatua, sexu eraso delitu bat eta indarkeriaz egindako lapurreta delitu bat egotzita; akusazio partikularrak 24 urtera igo zuen eskaera, eta herri akusazioek, 25 urtera. Bortxaketa bat izan zela azpimarratu zuten akusazioek, eta sinesgarritasuna eman zioten emakumearen kontakizunari. “Emakumezkoak dioena koherentea da, ez dago kontraesanik, eta ez du gertatutakoa puztu”, adierazi zuen Elena Sarasate fiskalak. Horren frogatzat jo zuten akusatuek sakelako telefonoarekin grabatutako bideoak.
Defentsek, berriz, absoluzioa eskatu zuten epaiketan, eta epaia iritsi arte akusatuak aske uzteko ere eskatu zuen. Epaimahaiak ez zuen onartu eskari hori, nahiz eta boto partikular bat izan zen. Defentsaren arabera, “adostutako sexu harremana” izan zen. Agustin Martinez Becerra auzipetutako lauren abokatua harrituta agertu da epaimahaiaren erabakiarekin. Sexu gehiagikariagatik ezarritako zigorra gaitzetsi du, ez delako "akusazioaren oinarri" izan. "Ezin izan dugu geure burua defendatu".
Elkarretaratzea auzitegiaren atarian
Epaimahaiaren erabakiaren berri jakin aurretik, elkarretaratzea egin dute kolektibo feministek auzitegi aurrean. "Kondena eredugarria" eskatu dute, biktima "susmagarri eta akusatu" bihur ez dadin. Ardura ere eskatu diete hedabideei. Manifestarien artean daude Asun Casasola, Nagore Laffageren ama, eta bortxaketen biktima izandako emakume zenbait.
Haserrea eragin du epaimahaiaren erabakiak auzitegiaren kanpoaldean. "Hau ez da justizia!", oihuka hartu dituzte epaitegieran barrutik irten direnak. Zenbaitzuk auzitegira sartzen ere ahalegindu dira, Foruzaingoak jarritako hesiak botata. Segurtasun indarrek geldiarazi dituzte.
Auzitegiaren atarian jendea haserre, sanferminetako erasoaren epaia jakin ondoren.@IonOrzaizhttps://t.co/t9HwlVCWBtpic.twitter.com/FdqV3N5A0h
— Berria.eus (@berria) 2018(e)ko apirilak 26