Asteazkenean beteko da urtebete Donostian Aieteko Nazioarteko Konferentzia egin zenetik, eta urteurrenean Lokarrik Begiak mintzo dira dokumentala estreinatuko du. "Lan hau ñabarduraz beteta dagoen indarkeriaren amaierari buruzko eta beharrezkoa den berradiskidetzeari buruzko kontakizun bat da", dio aurrerapenean.
Dokumentalean parte hartu dute Rosa Rodero eta Javier Asla ETAko biktimek, Joxean Agirre preso ohiak, Esteban Muruetagoiena torturen ondorioz hildakoaren alaba Tamara Muruetagoienak, Margarita Robles Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluko kideak eta Jon Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen aldeko zuzendari ohiak.