"Batasunak gizarteak markatu dion bidea egin du. Gizartean denbora asko darama Batasunari esaten azaroaren 14an eurek argi eta garbi agertu zutena: hauda, politika dela tresna bakarra bere burua demokratikotzat duen edoizen gizartetan", esan du Lasagabasterrek. "Besteen ideiak aintzat hartzea, besteen ideiak errespetatzea, gizartearen pluraltasuna onartzea dela balio duen bakarra. Batasunaren bidea luzea izan da euskal gizarteak eraman duelako jarrera horretara", erantsi du EAko diputatuak.
Bide horri helduta Batasunak hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko aukera izango duenetz galdetu diotenean, bere desioa hala izatea litzatekeela adierazi du Lasagabasterrek, baina nabarmendu du koiuntura politikoa edozein dela ere Batasunaren ilegalizazioa eta hura baimendu zuen Espainiako Alderdien Legea onartezinak direla. "Beti kritikatu dugu Alderdien Legea, ez koiuntura batean edo bestean txarra iruditzen zaigulako, baizik eta, funtsean, ez duelako pluraltasun politikoa errespetatzen eta politikoki onurarik ez duelako ekartzen. Demokraziaren oinarri juridiko eta politikoetatik abiatuta arbuiatzen dugu Alderdien Legea, ideia guztiak mahai gainean jartzeko aukera ezinbesteko baldintza baita", azpimarratu du.
Nolanahi ere, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialistaren Gobernua ez du Batasunaren ilegalizazioarekiko beste jarrera bat hartzeko prest ikusten. Lasagabasterrek agertu du PPk bere dinamikara eraman zuela PSOE, eta orain denbora behar duela atzerako urratsa egiteko. Dena den, Euskal Herriko politikagintzarekiko eta gatazkarekiko 'sukaldeko lanetan' sumatzen du Zapatero: "[Zapaterorekin batzartu ondoren] nire ondorioa izan zen honi buruz gogoeta egiten ari dela, eta saiatzen ari dela ulertzen eta aztertzen zer egin daitekeen. Noski, bere ideietatik abiatuta. Baina 'sukaldeko lana' badago, gogoeta baitago, hizketarako jarrera baitago eta ateak irekitzen ari baitira ikusteko euskal gizartean zernolako ideiak dauden eta gizarte horretan zergatik dagoen gehiengo bat gauza jakin batzuek eskatzen ari dena".
Azken egunotako atxiloketa oldeari eta tortura salaketei dagokienez Lasagabasterrek esan du Espainiako Estatuan ez dagoela torturen aurkako bermerik, eta azpimarratu du Europako Kontseiluaren, NBEren eta nazioarteko adituen txostenetan hala jasotzen dela. Halaber, prozedura judizialen luzapenak eta gardentasunik ezak eskubideak urratzen dituztela erantsi du.
Politika
Begoña Lasagabaster: "Euskal gizarteak eraman du Batasuna oraingo jarrerara"
Begoña Lasagabaster EAko Espainiako Kongresuko diputatuak uste du gizarteak bultzatuta iritsi dela Batasuna azaroaren 14an aurkeztu zuen ekarpenean jasotzen diren ondorio eta jarreretara; hots, "bide politikoen aldeko apostura". Jose Luis Rodriguez Zapateroren Espainiako Gobernua, berriz, 'sukaldeko lanetan', "gogoeta egiten eta hizketarako jarrerarekin", sumatzen du Euskal Herriko gatazkari dagokionez. Radio Euskadin egin ditu adierazpen horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu