Arthur Frayer. Kazetaria eta idazlea

«Beharko lukeen kopurua bikoiztu edo hirukoizten da presondegietan»

Zortzi hilabetez aritu izan da zaindari gisa Fleury-Merogis eta Orleanseko espetxeetan. Esperientzia horretan oinarrituz, 'Dans la peau d'un maton' izeneko liburua idatzi du.

Aitor Renteria.
Baiona
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Kazetaria da Arthur Frayer (1983, Frantzia), eta joan den martxoan Dans la peau d'un maton (Zaindari baten larruan) izeneko liburua argitaratu zuen, espetxeetako biziaz lekukotasuna emateko. Lehen pertsonan eman du iritzia, liburua idazteko espetxeetako zaindari izateko azterketak gainditu baitzituen. Fleury-Merogis eta Orleanseko (Frantzia) espetxeetan aritu izan zen, zortzi hilabetez, zaindari gisa. Larunbatean Baionako mediatekan esperientzia horri buruzko mintzaldia emanen du, Presondegietako Nazioarteko Behatokiak (OIP) gomitaturik.

Espetxeari buruz idatzi ahal izateko zaindari bihurtzea bururatu zitzaizun. Nola sortu zitzaizun asmo hori?

Kazetaritza ikasketak egiten ari nintzenetik, espetxeei buruz idazteko gogoa nuen. Mundu hertsia da, eta gutxitan izaten da aukera mundu horretan sakontzeko eta ikertzeko. Agintariek nahi duten irakurketa egiten dute, eta zabaldu nahi duten mezua baino ez dute zabaltzen. Kultur ekintzak aipatuko dituzte, baina nahitara gordetzen dituzte han izaten diren arazoak. Eta arazoak, egon badaude, kopuruetatik hasita. Espetxeek ez dute baldintza egokirik horrenbeste preso hartzeko. Preso bat egon beharko litzatekeen tokian bi daude usu. Egunaren parte handiena itxirik pasatzen dutela kontuan harturik, gatazka iturria da. Intimitaterik ez dago, indar harremanak garatzen dira. Aldi berean, sistemaren esku daude bai presoak, bai zaindariak.

Zer ikusi duzu espetxean?

Zaindaria eta presoa sistemaren bi muturrak balira hartzen ditugu usu. Ahanzten zaigu toki berean daudela; bai biktima eta bai borreroa sistemaren menpe daudela. Zaindariak arauak betearazi behar ditu, baina hori ezinezkoa da sistemak eskaintzen dituen baldintzetan. Sistematikoki preso kopurua behar baino handiagoa da. Hori da arazoaren abiapuntua. Gaindituko balitz arazo hori, preso bakoitzari gutxieneko eskubideak onartuko balitzaizkio, eta dagokion tokia bermatu, egoera aldatuko litzateke. Orleanseko espetxean adibidez, 38 presok egon beharko lukete solairu bakoitzean. Teoria baino ez da hori. Zaindaria izan nintzelarik 90-95 preso zeuden solairu bakoitzean. Beharko lukeen kopurua bikoiztu edo hirukoizten da errealitatean. Zaindarien kopurua ez da erabakitzen errealitatearen arabera, teorian egon beharko lukeen preso kopuruaren arabera baizik. Ororen buru, presio eltzea da presondegia. Muga fisikoak dira tapakia, eta gora doa presioa, lehertu arte. Presoek eta zaindariek pairatzen dute egoera hori.

Zigorra etxetik hurbilen dagoen espetxean bete behar dela dio legeak. Bete ezean, nolako balioa du?

Argi dago teoria eta errealitatea ez datozela bat. Presoak dagozkion eskubideak eska ditzake, baina erantzungo diote espetxean gainezka daudela, eta baldintza horiek betetzeko 500 kilometrora eramanen dutela. Uko egin diezaioke jende gehiago hartzeari ziegan, baina orduan urrutira eramanen dute. Familiak zailtasun handiagoak ukanen ditu bidaiak egiteko, hurbilekoekiko harremanak hautsiko dira ondorioz. Espetxearen funtzioak presoaren gizarteratzea izan beharko luke, baina ez da horrela. Askatasuna kentzea baino gehiago da presondegia. Adibidez, presoek lan egiteko eskubidea ukan beharko lukete. Ametsa da eskubidea. Orleanseko espetxean 105 leku daude, eta errealitatean 249 preso. 15-20 preso ari dira lanean, eta ikusi behar nolako baldintzetan. Bertzeek, deus ez. Ekintzarik eza da egunoroko legea.

Askatasuna baino gehiago kentzen du espetxeak. Harremanak hautsi, sexualitatea bizitzeko parada kendu, pertsonaren garapena mozten du.

Duela bi mendeko ereduan ibiltzen dira presondegiak oraindik. Teorian, zaharrak eta gaztetxoak bereizirik egon beharko lukete. Ni egon nintzelarik, 14 urteko gazte bat zegoen, eta usu egiten zuen topo preso zaharrekin. Ez zegoen hori saihesterik. Espetxe zaharrak dira. Solairu batetik bertzera komunikatzen dute presoek, leihotik, murruetan mezuak zintzilikatuz. Guztiarekin trafikatzen da. Adingabekoek ez dute babesik. Zigor irmoa duten presoek ez lukete behin-behineko presoekin egon behar, baina hori ere ez da betetzen errealitatean. Zentralera joan aitzin, 30 urteko zigorra bete behar duten presoak eta adingabekoak, sartu berriak, denak nahasten dira.

Gizarteratzeaz mintzatzea utopia bat da baldintza horietan?

Gaur egun indarrean dagoen sistemarekin, gizarteratzea aipatzea mito hutsa da, ametsa. Helburua gizarteratzea balitz, ez lirateke horren espetxe handiak behar. Ez lirateke presoak metatu behar. Egitura txikiagoak beharko lirateke, humanoagoak. Hezkuntza irizpideen arabera antolatu beharko lirateke. Errealitatea eredu horretatik urruti da.

Presoen metaketari konponbidea emateko espetxe gehiago eginen dituela dio Frantziako Gobernuak. Horrek egoera konpon dezake?

Izugarri handia da errealitatearen eta diskurtso politikoaren arteko amildegia. Urteak joan, gauzak ez dira aldatzen. 30.000 presorentzako tokiak eraikiko dituela iragarri du Frantziako Gobernuak. Horrelako adierazpenak egiten dituzten aldi oro, ez da toki gehiagorik egiten, baina preso kopurua emendatzen da. Legeak gogortzen dira, eta ondorioz, gehiago metatzen dira presoak. Arazo horrek konponbide politikoa behar du; baina konponbidea badago, ez doa gobernuak iragartzen duen norabidean. Espetxeen funtzioa aztertu behar da, gogoetatu. Presondegiak funtziorik badu, gizarteratzea izan beharko luke helburu. Xede hori lortzeko, egitura egokiak osatu beharko lirateke ondotik. Gobernuaren xedea ez doa hortik. Krisialdi ekonomikoaren aitzakian, ez da dirurik egonen horretarako; baina, zigorrak handiagoak direnez, gero eta preso gehiago metatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.