Luisak 10 urte ditu. Atzerapen kognitiboa eta epilepsia ditu, eta ikusmen mugatua. Oso maiz izaten ditu buruko minak, eta portaera kontrolatzeko zailtasunak ditu, bai helduekin, baita umeekin ere. Mariak 16 urte ditu. Ez du bere familiarekin harremanik izan nahi. Oso itxia da, eta asko kostatzen zaio harremanak egitea, baina harrera familia bat eskatzen du. Urtebete du Urkok, eta mikrozefalia larria. Oraintxe, garapena normala du, baina etorkizunean garapen arazoak izatea espero da. Oso ondo aprobetxatzen ditu laguntzak.
Ander eta Julia 13 eta 10 urteko anai-arrebak dira. Elkarrekin egon nahi dute. Anderrek eskola arazo handiak ditu, atzerapen akademikoa. Asko kostatzen zaio sentimenduak adieraztea. Juliak arreta arazoak ditu, eta ikasteko zailtasun handiak. Eguneroko gauzak, gogorarazi ezean, ahaztu egiten zaizkio. Izenak ez dira benetakoak, baina egoerak bai. Harrera familia baten zain dauden haur eta nerabeak dira. Dituzten arazoak medio, familia espezializatuak behar dituzte; hau da, borondatezko familiek ez diete balio. Gaur egun, 50 adingabe daude Gipuzkoan egoera horretan.
Jose Mari Lezana Haurren eta Nerabeen Babes Zerbitzuko teknikariaren esanetan, iraganean hainbat babesgabetasun egoera jasan dituzte haur horiek familian, hala nola tratu txarrak, abandonua, arduragabekeria eta abusuak, eta horregatik daude Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean. Egoitzetan bizi dira gehienak, zortzi lagun inguruko taldeetan. Adinez, 0-6 urte artekoak dira sei, 7-12 urte artekoak 31, eta 13-18 urte artekoak hamahiru. Hain zuzen, honako hauek jotzen dira beharrizan edo egoera bereziak dituzten adingabetzat: neba-arreba taldeak, 7 urte edo gehiago dituzten adingabeak, desgaitasun aitortua dutenak, osasun arazo bereziak edo arrisku arazoak dituztenak, familian eta gizartean erabat integratzea eragozten dioten jokabide arazoak dituztenak, bakarrik dauden eta familia erreferenterik ez duten adingabe atzerritarrak eta bestelako behar bereziak dituztenak.
“Ume batek familia espezializatua behar duela esaten dugu ondorio larriak erakusten dituenean eta bere beharrei erantzuteko harrera familiak gaitasun espezifikoak behar dituela pentsatzen dugunean”, dio Lezanak. Gerta daiteke adingabea nerabezaroan dagoelako behar izatea familia espezializatua, edo baita anai-arrebak daudelako harrera premian ere. “Oso zaila izaten da halako kasuentzako borondatezko harrera familiak aurkitzea”. Teknikariaren esanetan, babesgabetasun egoerak jasan dituzten ia ume eta nerabe guztiei egiten die on harrera familia batean bizitzeak. “Baina denak ez daude prest edo ez dute nahi familia batean bizi. Kontuan hartu behar da beraien iritzia, eta, era berean, baloratu egin behar dugu ea familia bat gai izango den ume horren beharrak artatzeko”.
Behar bereziak dituzten adingabeak etxean hartu ahal izateko, prestakuntza eta esperientzia oso garrantzitsuak direla azaldu du. Horregatik, harrera familia espezializatua izateko, gizarte edo osasun arloko ikasketak eduki behar izaten ditu gutxienez familiako kide batek, eta bi urteko esperientzia arlo horretan. Programa kudeatzen duen Agintzari elkarteak emandako prestakuntza osagarri espezifikoa ere jaso behar izaten dute. “Horrez gain, garrantzitsua da jakitea familia guztiaren inplikazioa behar dela, ez harreragilearena bakarrik”.
Lezanak zehaztu du harreragilearen betebeharra ez dela umea zaintzea bakarrik, baizik eta esku hartze plan bat jarri behar duela martxan harekin, plan horren bidez umearen konpetentziak garatzeko, etorkizunerako prestatzeko eta jasan dituen kalteak erreparatzeko.
Erabateko prestasuna
Prestakuntzarekin batera, erabateko prestasuna eskatzen zaie hartzaileei. Izan dezakete beste lan bat, baina bateragarria izan behar du familia harrera espezializatuaren programak dituen baldintzekin; hau da, denbora utzi behar du harreran dagoen umea zaintzeko nahiz prestakuntza eta koordinazio saioetara joateko. Familiek laguntza ekonomikoa izaten dute umearen gastuak ordaintzeko, eta soldata moduko bat ere jasotzen dute erabateko prestasunaren truke. Horretarako, langile autonomo moduan kontratu bat sinatzen dute programa kudeatzen duen erakundearekin.
Gaur egun, hamabi familia espezializatu daude Gipuzkoan, eta 30era iristea da helburua. Programa indartzeko, zenbait kanpaina eta ekintza egingo dituzte hurrengo hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Agintzarik. Hartzen den konpromisoa “handia eta oso estua” dela azaldu du Lezanak. “Azken finean, zure etxean eta zure familian ume bat sartzen duzu, eta programa honetan parte hartzen duten umeek zailtasun handiak dituzte. Beraz, oso argi eduki behar duzu zertara konprometitzen zaren, eta zer ondorio edukiko dituen zure erabakiak, ahal den heinean porrot ez egiteko”.