konponbideari begira

"Behartutako desagertuentzat" egia eta erreparazioa eskatu ditu Foro Sozialak

Behartutako Desgertzeen Biktimen Nazioarteko eguna da gaur. Foro Sozialak gogora ekarri du halako zazpi kasu daudela Euskal Herrian, eta oharatazi du biktimek eskubidea dutela egia jakiteko, justiziarako eta aitortzarako. "Ikerketa gabezia" gainditzera dei egin du.

Naparraren anaia, haren gorpuzkiak topatzeko 2017an egin zuten saioko tokian eta egunean. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
2018ko abuztuaren 30a
13:37
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren eta Euskal Memoria fundazioaren datuak oinarri hartuta, argitu gabe dauden behartutako desagerpen kasuak zazpi hauek dira Bake Foroaren arabera:

-Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga, Irunen bizi ziren A Corunako hiru gazteak. Biarritz eta Donibane Lohitzune artean desagertu ziren 1973an.

-Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur, 1976ko uztailaren 23an Behobian desagertua.

-Tomas Hernandez, 1979ko maiatzaren 15ean Hendaian desagertua.

-Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra, 1980ko ekainaren 11n desagertua.

-Jean Louis Larre, 1983ko abuztuaren 7an desagertua Leonen (Landak).

Pertsona horiek zergatik desagertu ziren ez jakiteak oraindik ere "min eta sufrimendu handia" eragiten dutela ohartarazi du Foroak, eta horregaitik,  "desagertu ziren garaietan egin ziren ikerketen gabeziak behingoz gainditzeko behar diren tresna guztiak" eskaintzeko eskatu du.

Izan ere, desagertu horien senitarteko eta lagunek egia jakiteko eskubidea dutela aitortzea gizarteari dagokio, Foro Sozialaren esanetan. Hala, Foroak, egia, justizia eta erreparazioa egon daitezen lanean jarraituko duela azpimarratu du.

Kasu horiek argitzeko abian diren ekimenak txalotu ditu Foro Sozialak. Batetik, Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzar Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedrarekin elkarlanean egiten ari den ikerketei egin die erreferentzia. Familiako abokatuen lana ere goretsi du, eta baita herri ekimenena ere, "erakutsi duten irmotasun eta konstantziari esker kasu hauek ez ahaztea lortu baitute". Ekimen horiek erreparazio moral eta sozialetako lagundu egiten dutela nabarmendu du, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.