Hizkuntz Eskubideen Behatokiak hamar urte bete ditu aurten, eta lanean jarraitu behar duela argi du, "2001eko ondorioak eta 2010ekoak errepikatu egiten direla ikusita; alegia, hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan eta administrazio guztiek urratzen dituztela ikusita". Ondorioz, haren arabera, "premiazkoa da urrats berriak egitea eta bitartekoak jartzea euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko".
Aurten, ohiko urteko txostena osatu ordez, hamar urteak barnebiltzen dituen txosten berezitua egin du Behatokiak, eta Bilbon aurkeztu dute Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik eta Kontseiluko idazkari nagusi eta Behatokiko lehendakari Paul Bilbaok.
Urtetik urtera Behatokira jo izan duten herritarren kopuruak gora egin duela azaldu dute, eta pozik daudela alde horretatik.
Admnistrazioei kritikak
- Ipar Euskal Herria. "Frantziako Estatuak herritarren eskubideak sistematikoki urratzeaz gain, hizkuntzaren transmisioari oztopoak jarri dizkio, biziraupena bera arriskuan jarriz. Euskarak ikusezintasunean jarraitzen du".
- Nafarroako Gobernua. "Jadanik murriztailea den legea baino hizkuntza politika murriztaileagoa aplikatu du, eremu publiko instituzionalean euskararen erabilera murriztu ez ezik, zenbait kasutan desagerrarazi ere egin du, administrazioko hizkuntza bakartzat gaztelania ezarriz. Murrizketa antolatua eta planifikatua izan da".
- Eusko Jaurlaritza. "Urteotako gabezia eta beltzuneak non diren helarazi arren, berdin jarraitu du".
- Espainiako Estatuko administrazioa. "Estatuak ez du bermatzen administrazioan, ahoz zein idatziz, euskaraz jarduteko eskubidea. Gero eta erabiliago den administrazio telematikoan baztertu egin izan dira euskara baliatu nahi izan duten herritarrak".
Datuak
- Espedienteak. Hamar urteotan 9.514 espediente zabaldu direla esan du Behatokiak: 8.535 kexak izan dira, 338 zoriontzeak, 286 kontsultak eta 97 Behatokiaren ekimenak. 262 espediente bideratu gabe utzi ditu Behatokiak.
- Kexak. Administrazio publikoek eragindako kexak %64,79 izan dira. Administrazioetatik zein erakunde publikoetatik kanpoko gizarte eragileek, enpresek, zerbitzuemaileek eta abarrek eragindako kexak, berriz, %35,21.
- Erabiltzaileak. %31,89 Gipuzkoatik zuzendu dira Behatokira, %31,47 Nafarroatik, %20,23 Bizkaitik, %10,37 Arabatik eta %6,03 Ipar Euskal Herritik.