HIZKUNTZ ESKUBIDEAK

Behatokiak ondorioztatu du erakundeek ez dituztela bermatzen euskaldunen eskubideak

Euskaldunek jasandako urraketen urteko txostena kaleratu du; 1.062 kexu bildu ditu. Nafarroako udalek pilatu dute salaketa gehien.

Behatokiko kideen agerraldia, gaur, urteko txostena aurkezteko. JUANAN RUIZ, ARP
Oihan Vitoria.
2014ko maiatzaren 7a
08:59
Entzun

Euskaldunen eguneroko ezinak bistan jarri ditu beste behin ere Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Euskarak hamaika traba izan ditu 2013an, eta alor frankotan ez du tokirik. Txostenak ohartarazi du euskarak "zokoratuta" segitzen duela: "Euskaraz bizi nahi dutenen eskubidea ez dago bermatuta". Behatokiak ondorioztatu du herritarrak aldaketarako giltza direla eta haien aldarrikapen irmoek lorpenak ekarri dituztela. Urratsak ikusi ditu aurreko urteekiko. Zenbait datu baikor ditu bildumak; iaztik, %26 jaitsi dira kexuak. Behatokiaren arabera, erakundeak sarri herritarren nahiaren atzetik doaz. "Inplikazioari esker hartzen dituzte neurriak". Dena den, nabarmendu du hizkuntz eskubideak bermatzeko bitartekoak jartzean huts egiten dutela.

Erakundeka, Nafarroako udalak daude kexuen buruan, Nafarroako Gobernuarekin batera. Kontrara, Gipuzkoan jaso dute kexu gutxien. Euskarak, oro har, egoera ezberdina du toki batetik bestera. Lapurdin, Nafarroan Beherean eta Zuberoan, legea oztopo nabarmena da oraindik ere. Salatu dute lege betebeharren gabezia baliatzen dutela erakunde publikoek euskal hiztunen eskubideei muzin egiteko. "Eskaintzen dituzten harrera eta jakinarazpen guztiak frantses hutsean dira".

Egitura administratiboa edonolakoa izanda ere, guztietan bildu dituzte salaketak; 1.062, orotara. Herritarrek jarririkoak dira gehienak. Hona hemen hainbat adibide, arloz arlo:

1. Osasuna. Gehien errepikatzen den kexua osasun arreta euskaraz jasotzeko aukerarik eza da. Herritarrek maiz ezin dute euskaraz dakiten medikuekin mintzatu, eta egoera deserosoak sortzen dira. Salaketen kasu gehientsuak Osakidetzari dagozkio. Zerbitzua euskalduntzeko neurri ausarten premia ikusten dute erabiltzaileek. Eremu pribatuko zentroetan ere antzekoa da egoera. Erietxeetako idazkiak, historia klinikoak eta analisiak ez dituzte ele biz jartzen.

2. Justizia. Erabat erdalduna da justiziaren alorra. Nagusi da eleaniztasunari bidea zabaltzeko erresistentzia; ahozko jardunean zein idatzizkoan. Justiziak tratu baztertzailea du euskal hiztunekiko. Epaitegietan euskaraz aritu ahal izatea ia ezinezkoa da, eta segurtasunik eza eragiten die herritarrei, atzerapenak jasateko arriskua baitakar. Gainera, izendatzen dituzten itzultzaileek ez dute itzulpen egokia bermatzen.

3. Herrizaingoa. Euskara ez da Poliziaren lan hizkuntza, eta Behatokiak berretsi du ertzainek gaztelaniaz eginarazten dietela euskaldunei. Gaztelaniaz jakitea euskara erabiltzearen gainetik dago, euskal hiztunak horretara behartuz. Ertzaintzaren lan deialdi berriak urraketa gehiago ekarriko duela iritzita, langile euskaldunak lehenesteko eskatu du Behatokiak.

4. Hezkuntza. Oraindik ere zailtasunak daude zentro batzuetan ikasketak euskaraz egiteko. Ikasketa mailak gora egin ahala, eskolak euskaraz jasotzeko aukerak murrizten doaz, eta azterketa oro ezin daiteke euskaraz egin; Baionan, kasurako, baxoa euskaraz egitea ukatu diete. Euskaraz ikasteko eskaerak egonda, ingelesezkoen aldeko apustuarekin jarraitzen dute erakundeek; Nafarroako Gobernuak, adibidez. Irakaskuntza trabatzen ari dela salatu dute.

5. Administrazioa. Zerbitzuak eta diru kontuak telefonoz, aurrez aurre, idatziz edota posta elektronikoz ele biz ez jasotzeagatik kexu agertu dira erabiltzaileak. Errepideetako seinaleak ere herritarren kezka iturri dira, orobat. Bide horretan, Bizkaiko Diputazioaren kontra egin dute kasu gehienetan. Kanpoko enpresei adjudikatutako lanetan, bestalde, ez dira euskal hiztunon eskubideak errespetatzen.

6. Ekonomia. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenaren agiriak gaztelaniaz igortzeagatik kexu ugari jaso ditu Nafarroako Gobernuak. Eskaerak euskaraz aurkeztu arren gaztelania hutsean erantzun izana ere UPNk euskaldunekiko duen jarreraren esanguratsua dela iruditzen zaio Behatokiari. Kasu batzuetan, halaber, funtzionarioak euskaraz aritzeko gai badira ere, galarazi egin diete herritarrei. Urraketa horiek ez ezik, herritarrek begirune eta errespetu falta nozitu behar izan dute kasuren batean. Herritarrei kasu egiteko zerbitzuan, saltoki, banketxe eta halakoetan, ez dago euskaldunik. Publizitatea ere erdalduna da.

7. Zerbitzuak. Legez betebeharrak dituzten arren, garraio zerbitzu publikoetan ez dute behar besteko erantzukizuna erakusten euskararekiko, Behatokiaren arabera. Ohikoa da ahozko arreta euskaraz jasotzeko eskubidea urratzea, bai telefono bidez eta bai aurrez aurre. Garraio mota ugaritako erantzungailuekin lotuta ere izan dira hainbat gorabehera, soilik gaztelaniaz egiteagatik. Megafonia bidezko mezuetan, ingelesa lehenesten dela salatu dute erabiltzaileek. Bulego batzuetan hizkuntz paisaia euskalduntzen ari da. Jaigaien etiketetan, aldiz, ez du tokirik. Behatokia: “Begirune gehiago dago atzerriko hizkuntzekiko, bertakoarekiko baino”.

8. Hedabideak. Euskara eta gaztelaniaren erabilera erabat desorekatua da oraindik ere. Murrizketek bortitz jo dituzte euskarazko komunikabideak, eta diru laguntza gutxi jasotzen dutelako kexatu dira herritarrak. Mozketez gain, inguruko hedabideek euskara bazter batean uzten dutelakoan jarri dituzte hainbat salaketa. Idatzizko kazetetan, euskal toponimoak ez errespetatzeagatik kexu agertu dira. Euskal Telebistako saioetan ere gaztelania barra-barra egotea ez dute gustuko. ETB1en, euskarazko esaldi ugari gaztelaniaz tartekatzen dituztela gaitzetsi dute; baita erdaldunei egindako elkarrizketak itzulpenik gabe ematea ere.

9. Aisialdia. Kulturaren eta turismoaren eremuan, euskara bigarren mailako hizkuntza da. Hizkuntza eskubideak erdaldunei bermatzen zaizkie beti. Atzerriko hizkuntzak lehenesten dituzte agirietan eta zerbitzuetan, baina euskarazkorik ez dute kaleratzen. Komunikazioaren mundua eta argitalpenetan ere euskararen presentzia hutsala da behin baino gehiagotan; ez bakarrik aldizkarietako artikulu eta iragarkietan, horien webgune eta sare sozialetan ere bai.

10. Gizarte eragileak. Sindikatuek, indar politikoek eta bestelako gizarte eragileek euskarari egindako toki murritzagatik kexatu dira herritarrak. Zenbaitetan, gizartean zabaltzen dituzten agiriak eta prentsa oharrak gaztelania hutsean helarazten dituztela salatu dute. Hauteskundeetako iragarkietan, adibidez, beti bermatzen dute gaztelania; ez, ordea, euskara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.