HILKETA MATXISTA

Behin-behineko espetxealdia, Murchanteko hilketa matxistaren ustezko egilearentzat

Donostiako Guardiako 1. Epaitegiak hartu du erabakia, eta Martuteneko kartzelara eraman dute akusatua

Mugimendu feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo Gasteizen, hilketa matxista salatzeko. RAUL BOGAJO / FOKU
Jone Bastida - Ion Orzaiz
2021eko uztailaren 10a
14:06
Entzun

Kartzelara bidali dute Maria Pilar Berrio Jimenezen ustezko hiltzailea, behin-behinean. Donostiako guardiako epaileak hartu du erabakia, kautelazko neurri gisara, akusatuari deklarazioa hartu ostean. Martuteneko espetxean sartuko dute. Datozen egunetan, Tuterako auzitegiaren alde inhibituko da Donostiako Guardiako Epaitegia, Nafarroako auzitegi horri baitagokio Murchanteko krimenaren instrukzioa egitea.

Bestalde, baliteke Murchanteko hilketa genero indarkeria gisa ikertzen hastea. Hasieran, Poliziak «familia barruko delitu» gisara sailkatu zuen kasua, eta, beraz, ez zuen hilketa matxista gisa abiatu ikerketa. Gizonak eta hildako emakumeak gertuko harremana zuten: koinatu ohiak ziren. Espainiako Genero Indarkeriaren Aurkako Legeak zehazten du emakumezkoen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko dela soilik erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean. Ordea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak atzo Radio Euskadin esan zuen antza denez biktimak eta ustezko hiltzaileak «harreman sentimentala» zutela, eta, hala balitz, genero indarkeriatzat hartuko litzatekeela. Beraz, hori baieztatuko balitz, hilketa sexista moduan ikertuko litzateke.

Herenegun arratsaldean atxilotu zuen Ertzaintzak ustez emakumea labanaz hil zuen gizonezkoa. Donostian atzeman zuten, Gros auzoan, 33 orduko bilaketaren ostean. Ile apaindegi batean atzeman zuten, eta itxura aldatzeko asmotan ibil zitekeen. Erkorekaren arabera, ertzain batek identifikatu zuen ustezko hiltzailea, taberna batetik irteten; haren atzetik joan zen, eta gizonaren presentziaren berri eman zien lankideei. Horiek, azkenean, ile apaindegi batean atxilotu zuten.

Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu zuen «oso garrantzitsua» zela pertsona hori lehenbailehen bilatzea, itxura aldatu eta ihes egiteko harrera sare bat topatu aurretik; horretan zebilen ustezko hiltzailea. «Gero oso zaila izango zen hura aurkitzea». Hala, Ertzaintzak egindako lana txalotu zuen, eta operazioan izandako lankidetza nabarmendu. Erkorekaren hitzetan, «delitu aurrekari asko» zituen pertsona bat zen, «arriskutsua».

Elkarretaratzeak

Asteazken goizean gertatu zen hilketa, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean. 10:24an, gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.

Jazotakoak gaitzespena eragin du, eta, salatzeko, erakundeek eta mugimendu feministak elkarretaratzeak antolatu dituzte azken egunetan Euskal Herriko zenbait herri eta hiritan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.