Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak jakinarazi du gipuzkoarren hiri hondakin solidoak “behin-behinean” hartuko dituen zabortegi bat bilatzen ari direla. “Beste helburu bat duten zabortegiekin hitz egiten ari gara, hiri hondakin solidoen tratamendurako egokitzeko”.
Zabortegi hori legegintzaldi amaiera arte martxan egongo litzatekeela azaldu du. Hain zuzen ere, legegintzaldia amaitzerako “gipuzkoarren hondakinak” kudeatzeko azpiegitura guztiak prest egongo direla iragarri du Asensiok. "Zehaztutako epeak betetzen ari gara".
Horrez gain, aldundiak hondakinak Kantabriara (Espainia) bidaltzeko proposamena egin dio bertako gobernuari. 2017ko abendura arte Merueloko zabortegiak Gipuzkoako 128.000 tona hondakin jasoko ditu, 9,3 milioi euroren truke. Kantabriako Parlamentuak bihar aztertuko du eskaintza hori.
Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 950.000 euroren laguntza deialdia aurkeztu du, edukiontziak erosi, daudenak egokitu eta informazio kanpainak sustatzeko. Laguntza bi urterako izango da. Aurten, 450.000 euro jarriko dituzte jarduera horietarako, eta 500.000 euro 2017an.