Mugimenduak mendekotasun administratiboak dakartzan ondorioak salatu ditu, eta begi onez hartu du Espainiako Kongresuan gaiaz egingo den eztabaida. Gogoratu dute Trebiñun bizi direnak, "soziologikoki", Arabakoak direla, eta "arabarrak" sentitzen direla.
"Zilegitasuna gure alde dago. Izan ere, legitimitate demokratikoak eskatzen du Espainiako Parlamentuak, bere eskumenak baliatzen dituenean, Trebiñuko jendeak adierazitako borondatea betetzea; behin eta berriz eta argiro adierazi dugu gure borondatea", adierazi du mugimenduak.
Joan den otsailaren 6an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak probintzia mugak aldatzeko ekinaldi legegilea. Urtebete lehenago Trebiñuko eta Argantzungo udalbatzek gehiengo osoz onartutako eskaerei bide ematea erabaki zuen horrela. Erabaki aitzindaria izan zen, trebiñarren borondatea Gorteetara eramatea adostu zuelako Eusko Legebiltzarrak, historian lehen aldiz. EAJ, EH Bildu eta PSEren babesarekin, eta PPren eta UPDren abstentzioarekin egin zuen aurrera erabakiak.
Probintziaren mugak arautzea EAEko eta Gaztela eta Leongo erkidegoen estatutuetan jasota dago, eta, beraz, Trebiñuko eta Argantzungo udalek uste dute legezko oinarri nahiko badagoela Trebiñu Arabara batzeko.