euskara

Behin ere baino kexa gehiago

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2009ko txostenaren berri eman dio EAEko arartekoari. Osakidetzak eta Herrizaingo Sailak "beltzune" izaten segitu dute.

2010eko uztailaren 12a
18:43
Entzun
Garbiñe Petriati Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendariak gaur adierazi du 2009an euskararen urratekei buruz inoiz baino kexa gehiago bideratu zuela erakundeak eta, ondorioz, egoerak ez duela onera egin. "Ez da inolako aldaketarik gertatu hizkuntza eskubideak bermatzeko mekanismoetan, defentsa gabeziaren aurrean neurri eraginkorrik ez da hartu. Beraz, beste urtebetez, antzeko zioak zituzten kexak bideratu behar izan ditugu".

Iazko urteko txostenaren berri emateko Iñigo Lamarca EAEko arartekoarekin bildu da Petriati, Gasteizen. "Behatokiak argitaratzen duen urteko txostena herritarrek helarazitako bizipenen bidez osatutako hizkuntza eskubideen egoeraren erradiografia erreala dela kontuan harturik, eskubideen defentsan lan egiten duten erakundeek ere kontuan hartu behar dutelakoan gaude".

Behatokiak dio EAEko instituzioen artean Osakidetzak eta Herrizaingo Sailak "beltzune" izaten jarraitu dutela. "Osakidetzako lan deialdietan zirrikituak baliatu izan dira euskararen derrigorrezko ezagutza zuten lanpostuetan gaitasuna egiaztatzen ez zuten langileei sarbidea emateko. Halaber, euskararen ezagutza gutxiago baloratuko dela adierazi izan dute. Herritar euskaldunok ez ei dugu merezi osasun asistentzia duina".

Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailari igorritako kexetan "herritarrekiko errespetu falta edota zabarkeria" agertu dira.

Egoera errotik aldatu behar dela iritzi dio Hizkuntza Eskubideen Behatokiak, "instituzioek 180 graduko aldaketa eman beharko liekete egungo hizkuntza politikei".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.