Altsasu auzian zigortutako gazteen gurasoak minduta eta haserre agertu dira Auzitegi Nazionalak haien seme-alaben kontra eman duen epaia dela eta. Lesioak, desordena publikoak eta mehatxuak egiteagatik ezar daitezkeen zigor handienak ezarri dizkie; 79 urteko espetxe zigorra, guztira. Bel Pozueta Adur Ramirez de Alda zigortutako gazteetako baten amak adierazi du "min handia" dutela, eta auzitegiaren epaiak helburu hori duela, hain zuzen: mina eragitea. "Mendeku bat da", salatu du. Pozuetaren esanetan, magistratuen erabakia "justizia printzipioarekiko mespretxua" da. "Zigorra ez da inolaz ere proportzionala". Hori dela eta, jakinarazi du epaiari helegitea aurkeztuko diotela. "Abokatuak lanean ari dira dagoeneko".
Pozuetaren esanetan, ebazpenak "helburu politikoa" du, eta ez du uste kasualitatea denik epaia gaur jakinarazi izana. "Gure seme-alaben etorkizunarekin jolasten ari dira. Etorkizun politikoarekin ari dira jolasten ahoa bakea hitzarekin betetzen duten horiek. Guk egiaz nahi dugu bakea. Ez dugu kartzela nahi, ez gure seme-alabentzako, ezta beste inorentzako ere". Gurasoek argi utzi dute haiek ez dutela "enfrentamendua" bultzatuko.
Sentitzen duten mina "aurrera jarraitzeko indar" bihurtuko dutela ohartarazi du Pozuetak. Ziurtatu du minak ez dituela geldiaraziko, eta gizarteak egoerari "erantzuteko beharra" nabarmendu du. "Altsasuko, Nafarroako eta Euskal Herriko gizarteak nahikoa da esango du". Gaur bertan, elkarretaratzea egingo dute Altsasun, 20:00etan. Gaur elkartasuna adierazi dietenen artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia dago. Twitterren hala esan die: "Nire babesa eta maitasuna zuen semeei eta familiei horrelako bidegabekeria baten aurrean"
Mi apoyo y mi afecto a vuestros hijos y familias ante tanta injusticia. https://t.co/b0JQ8uRCkA
— Carles Puigdemont 🎗 (@KRLS) 2018(e)ko ekainaren 1(a)
Horrez gain, gurasoek mobilizaziora deitu dute ekainaren 16rako, Iruñean. Hirian egin zuten aurreko manifestazioa jendetsua izan zen, eta 16koa "historikoa" izango dela aurreratu dute. Erakundeei ere babesa eskatu diete manifestazioa antolatzeko eta gizartea mobilizaziora deitzeko. Horrez gain, herrietan mobilizazioak egitera deitu dute. Dagoeneko, hainbat manifestazio eta elkarretaratze antolatu dira herri anitzetan, Altsasu auziko epaia salatzeko.
Pozuetak ziurtatu du Altsasuko gazteen kontrako salaketa bultzatu dutenek bazekitela epaitu diren gertakariak ez zirela "terrorismoa". Aldiz, epaiketa Auzitegi Nazionalera eraman nahi izan durela adierazi du, bazekitelako bertan jar ziezaketen zigorrik handiena ezarriko zietela. "Izutzeko modukoa da", gaineratu du. Pozuetaren esanetan, edonorri gerta zekiokeen Altsasuko gazteei jarri dieten zigorra jasotzea. "Gure seme-alabak ez dira erasotzaileak. Batzuek gurutzea jarri zuten haien izenetan, zoritxarreko zozketa honetan".
Gurasoek hunkituta eskertu dute gizartetik orain arte jasotako babesa. "Hain babestu eta matatuak sentituko ez bagina ez genuke izango gaur daukagun indarra".
Ez ditugu hitzik benetan! Zuen maitasuna ez dugu inoiz ahaztuko!! Bihotzez!! //Este ha sido el recibimiento a las puertas de @katakrak54. No tenemos palabras. ¡ No lo olvidaremos nunca! pic.twitter.com/C0XQjtZyeQ
— Altsasu gurasoak (@Altsasugurasoak) 2018(e)ko ekainaren 1(a)