«Belatzak baino uso gehiago» espero ditu EAJk Raxoiren gobernuan

Bakegintzari eta normalizazioari begira PP jarreraz aldatuko den esperantza azaldu du Ortuzarrek

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Espainiako ministroen aukeraketa egitean PPk «belatzak baino uso gehiago» hautatuko zituen esperantza azaldu zuen Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak atzo goizean, gobernuaren osaketaren berri jakin aurretik, Info 7 irratian egindako elkarrizketa batean. Mariano Raxoi buru duen gobernuak PPk euskal gatazkaren inguruan azken urteetan izan duen jarrera baino malguagoa izango duen esperantza azaldu du.

Ortuzarren esanetan, euskal alderdiek bake prozesuari heltzeko egindako eskaerei dagokienez, Raxoi ez da batere argia izan. Hala ere, adierazi du hori ona ere izan daitekeela: «PPk orain arte ohituta izan gaituen erradikalismo eta gogortasunaren aldean, anbiguotasun hori baikortzat ere har daiteke agian, ateak ez baititu itxi gutxienez».

Astearteko inbestidura saioan Raxoi gogortasunetik anbiguotasunera igaro zela uste du EAJkoak, eta hori ez dela txarra. «Ea jarrera berria duen erakutsi behar duorain, gobernuaren lehen pausoetan eta legealdiaren lehen urtean, Euskadin bakea eta normalizazioa lortzeko ilusiozko mugimendu politikoa sortu denean».

Ministroen izendapenak etorriko diren jarreren adierazle izaten direla azaldu du: «Ez da gauza bera Barne ministroa belatza edo usoa izatea, eta Espainiako politikan, zoritxarrez, belatz gehiago egon dira usoak baino euskal gaiei heltzeko. Espero dugu oraingoan usoren bat etortzea».

Presoen gaiari heldu beharra

«Prozesua ez oztopatzeko» eskatu dio Espainiako Gobernuari. Horretarako, orain egin dezakeen lehen urratsetako bat presoen gaiari eustea dela esan du. «Ez du salbuespeneko ezer egin beharrik; gehiengo nahikoa du, eta espetxe politika malgutzeari babes ematen dioten akordioak eginak dituzte aurreko Espainiako Parlamentuak eta Eusko Legebiltzarrak». Zigor Kodea eta espetxeetarako araudia ezartzeak berak «egoerarik bidegabe eta muturrekoenak konpontzen» lagunduko lukeela esan du, eta horrek prozesuari lagunduko liokeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.