askapenaren kontrako epaiketa

"Belaunaldi oso bat markatu zuen iraultza sandinistak"

Bukatu da Askapenaren kontrako epaiketaren bigarren saioa. Euskal Nazio Askapen Mugimenduko kide direla esan dute auzipetuek: "Erakunde herritarra da". Bederatzi poliziak deklaratu dute gaur, lekuko gisa.

Bost auziperatuak, atzo, Auzitegi Nazionalean. FERNANDO VILLAR, EFE
Hodei Iruretagoiena
2015eko urriaren 20a
08:06
Entzun

Dabid Soto hasi da gaur deklaratzen. Askapenak, nazioarteko harremanak baino gehiago, internazionalismoa egin duela azaldu du, eta bi gauza ezberdin direla. Elkartasun internazionalista, gauza konkretuetarako harremana izatea baino gehiago, batera lan egitea dela zehaztu du epaiketaren bigarren egunaren hasieran. Iraultza sandinistak belaunaldi oso bat markatu zuela azaldu du eta berak sandinistek boterea galdu ondoren brigada batean parte hartu zuela.

Aritz Ganboak, berriz, atzo beste akusatuek esanikoa errepikatu du; hau da, ez zutela ETAren agindurik jarraitu Askapenaren jardunean. Galdera bati erantzunez zehaztu du "ezinezkoa" zela 2007an brigadetako bat Batasunak antolatzea. Eta brigada batean zein jende bidali ez zuela Askapenak erabakitzen. “Gure internazionalismoa ez da aseptikoa, mundua aldatu nahi du”, esan dio epaileari deklarazioa bukatu aurretik.  

Akusazioen lekukoek deklaratu dute gero. Ikerketa txostenak egin dituen Espainiako polizia batek egin du lehen deklarazioa. Poliziak azaldu du telefono entzuzketak, lehendik zituzten dokumentuak eta jarraipenak izan direla ikerketaren funtsa. Fiskalaren akusazioak baieztatu dituzte. Bederatzi poliziak deklaratu dute gaur, lekuko gisa. Haietako bik peritu gisa ere deklaratuko dute aurrerago.

ETAren gidaritza ukatu dute

«Askapena da erakunde herritar bat, herri mugimenduko kide dena, maila lokalean eta nazioartean. Askapen nazional eta sozialerako euskal mugimenduaren parte da, eta ezker abertzaleko kide». Argi azaldu du epailearen aurrean Walter Wendelinek. Esan du internazionalismoa landu dutela, joan-etorriko elkartasuna. Beren ekimenez, ez inork aginduta; ez ETAren edo beste inongo erakunderen gidaritzapean, ezta hari laguntzeko ere. Luze aritu da auzipetua erakunde internazionalistak 28 urteotan egindako lanaz: brigadak, bidezko merkataritza, Munduko eta Europako Foro Sozialak, elkartasun kanpainak...

10:00etarako zegoen iragarria epaiketaren hasiera, baina ordubete geroago hasi da. Auzipetuei zein publiko gisa joandakoei ez diete utzi «kamiseta logodunik» sartzen, eta arazoak izan dituzte kreditazioekin ere. Gabi Basañezek —euskaraz egin du-, Unai Vazquezek eta Walter Wendelinek deklaratu dute lehenengo egunean —Aritz Ganboa eta Dabid Soto falta dira—, eta, defentsako abokatuen galderei erantzunez, ukatu egin dituzte Pedro Martinez Torrijos fiskalak egotzitakoak. ETAri laguntzea leporatzen diete bostei, hari «nazioarteko babesa» ematea. ETA-Ekin eta Batasunak osatutako egituraren irizpideak jarraitzen zituztela diote akusazioek —AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak ere ari dira herri akusazio gisa—, organo komun baten parte zirela, eta ETAren eta nazioarteko eragileen arteko harremana bideratzen zutela. Horregatik eskatu dute auzipetuak kartzelatu eta Askapena legez kanporatzeko. Askapeña konpartsa eta Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteak ere legez kanpo nahi dituzte, Askapenarekin «harreman estua» dutela argudiatuta.

Askapenaren sorrera (1987) elkartasun batzordeetan izandako eztabaida ideologiko batean kokatu du Wendelinek: «Batez ere, inperialismoaren inguruko hausnarketatik dator. Beste prozesu batzuetako inperialismoaren aurkako borroken eta maila lokalekoaren arteko koherentziatik». Alegia, globalki pentsatu, lokalki ekin filosofiari erantzuten diola Askapenaren lanak. Erakundea ENAM Euskal Nazio Askapen Mugimenduko kide dela azaldu du Wendelinek, beste hamaika herri eragile bezala, baina ez duela egiturazko harremanik harekin. Nazioarteko Lan Taldea, RNK Iraunkorra eta Ttipia izeneko egiturak aipatu ditu fiskalak akusazio idatzian, baina halakorik ez dutela ezagutu ziurtatu dute auzipetuek. «Ez», esan du Wendelinek, behin baino gehiagotan, burua jiratu eta fiskalari begiratuz.

Mugimendua (ENAM) eta espazio politiko-ideologikoa (ezker abertzalea) bereizi ditu auzipetuak, Dena ETA da teoriaren aurka —teoria horren sustatzaile Baltasar Garzonek abiatu zuen Askapenaren aurkako auzibidea ere—. «Egitura iraunkorrik ez dago, mugimendua delako», esan du ENAMi buruz. Ezker abertzalea, berriz, ezaugarri filosofiko, ideologiko eta politikoek batzen duten espazioa dela argitu du. Funtsean, independentziaren eta sozialismoaren alde egiteak. «Inork ezin du erabaki nor den ezker abertzaleko kide, eta nor ez, norberak definitzen du hori».

Fiskalak beste eragile batzuekin dituzten harremanei buruz galdetu die auzipetuei, besteak beste, LABi eta Behatokiari buruz. Abokatuen galderei erantzunez, Wendelinek zehaztu du eragile askorekin izaten dituztela harreman puntualak, gai edo jarduera zehatzen inguruan aritzeko. Estrategikoa da hori Askapenarentzat; izan ere, Vazquezen esanetan, internazionalismoa ez dute ulertzen «sektore» gisa: «Askapena desagertzeko sortu zen, internazionalismoa, tresna gisa, sektore denek landu behar dutela uste baitugu».

Foro Sozialak eta EHLak

Munduko Foro Sozialean eta Europakoan ere parte hartzen dutela azaldu dute auzipetuek. Beste eragile batzuekin batera osatu izan dutela, garaian-garaian, Euskal Herriko ordezkaritza. Eta ordezkaritza bat izan arren, eragile bakoitzak bere helburuak eramaten dituela foro horietara.

Askapenaren antolakuntzaz eta finantzaketaz ere hitz egin du Wendelinek. Geografikoki eta lan eremuka antolatzen direla azaldu du, eta urteroko batzar nagusian hartzen dituztela erabakiak, militante guztiek. 1999tik aurrera Xakiren funtzioak bete izana egozten dio Martinez Torrijo fiskalak Askapenari, Xakik Askapenaren batzar nagusian ustez aurkeztutako txosten bati jarraituta. «Ezin da izan. Ezin da txostenik aurkeztu Askapenatik kanpo», azaldu du Wendelinek. Fiskalaren arabera, garai hartan «izaera herritarra galdu» egin zuen erakundeak, eta koadro erakunde izatera pasatu zen. Ukatu egin du hori ere Wendelinek. «Askapena erakunde herritarra izan da, da eta izango da». Materiala salduz, txosnekin eta militanteen kuoten bidez autofinantzatzen direla zehaztu du.

Azken urteetako hainbat epaiketetan agertutako Udaletxe proiektua —ez da inoiz frogatu existitu zenik— agertu da berriz. Besteak beste, paper haietan komertzio justuaren bidez —rona salduz, adibidez— ETA finantzatzeko plan bat agertzen dela diote akusazioek. Horrela nahastu dituzte auzian Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteak, «Horrek ez du ez hanka ez buru», esan du Wendelinek.

Fiskalaren beste akusazioetako bat da EHL Euskal Herriaren Lagunak elkartasun batzordeak «kontrolatzea», ETArentzat babesa bilatzeko. Basañezek azaldu duenez, foro sozialetan indartu zuten harremana Euskal Herriarekiko elkartasun batzordeekin, 2004tik aurrera; batez ere, Europan. Basañez: «Aldi hartan ari zen sortzen globalizazioaren aurkako mugimendua, Europako Foro Soziala sortu zen, eta hor indartu genuen harremana talde hauekin. Guk ez genien ezer agintzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.