Droga

Belaunaldi zauritua

Duela 30 urte heroinak triskantza handia eragin zuen Euskal Herrian, eta belaunaldi oso bat kaltetua suertatu zen; kasu askotan, tragedia oharkabean pasatu zen, gertutik pairatu zuten familia eta hurkoentzat izan ezik.

Donostiako Altza auzoan narkotrafikoaren aurkako manifestazio bat, 80ko urteetan. BERRIA
gotzon hermosilla
2013ko abenduaren 1a
10:50
Entzun

Zaila da kalkulatzea heroinak 1980ko hamarkadan egindako triskantzaren neurria. 1987an argitaratutako Euskadiko Droga Menpekotasunen Liburu Zurian jasotzen da garai hartan 5.000 edo 6.000 heroinazale inguru zeudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Droga Menpekotasunen Euskal Behatokiak kaleratutako txostenetan 1994tik aurrerako datuak baino ez dira biltzen, eta, datu horien arabera, 1990eko hamarkadan batez beste 67 bat lagun hiltzen ziren urtero Euskal Autonomia Erkidegoan heroinak eragindako erreakzioaren ondorioz. Datu zehatzik ez dagoen arren, pentsatzekoa da 1980ko hamarkadaren azken urteetan zenbakiak ez zirela askoz txikiagoak izango, kontuan izanda, esaterako, 1990ean 23 lagun hil zirela Bilbon bakarrik. Kopuruak goia jo zuen 1996an, 85 hildakorekin, eta 1999tik aurrera jaisten hasi zen. Nafarroari dagokionez, Droga Menpekotasunen Espainiako Behatokiak 1996tik aurrerako datuak baino ez ditu ematen. Urte hartan, bederatzi lagun hil ziren Nafarroan.Heroinak zuzenean hildakoen kopuruei hiesaren eragina gehitu behar zaie. 1984ko maiatzetik 1995eko abendura arte, 3.089 kasu detektatu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik, 2.390 xiringak partekatzearen ondorioz kutsatu ziren: %77,4, Europako ehunekorik handiena. Erdiak baino gehiago, %52,3, hilik zeuden 1995eko abendurako.

Urte haietan sekulako sarraskia gertatu zen, belaunaldi oso batek nozitu zuena eta kasu askotan oharkabean igaro zena, tragedia pairatu zuten familia eta gertukoentzat izan ezik. Normalean, heriotza horiek ez ziren hedabideetan agertzen, familia asko isilpean gordetzen saiatzen ziren, baina horren arrastoa gaur egunera arte iritsi da.

Gertaera berria

Javier Elzo soziologoak (Beasain, Gipuzkoa, 1942) eskarmentu handia bildu du drogen kontsumoaren inguruko ikerkuntzan, 30 urte baino gehiago eman baitu zeregin horretan. Dioenez, drogen fenomenoa "berria" zen Euskal Herrian han indartsu sartu zenean. "Trantsizioaren ondoren agertu zen, eta 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran hedatu zen", zehaztu du.

Heroinaren garai hartako hedatzearen ezaugarrietako bat izan zen gizarteak ikusten zituela horren ondorioak: alde batetik, drogazaleak kalean eta parkeetan egoten zirelako, eta, beste aldetik, horrek ekarri zuelako lapurreta, trapitxeo edo drogen neurri apaleko salerosketa eta bestelako delitu txikien ugaltzea. Eta horrek herritarrak asaldatzen zituen: orduko inkesta guztietan, "drogaren arazoa" agertzen zen herritarren hiru kezka nagusien artean.

"Heroina zainetatik kontsumitzen zuten", adierazi du Elzok, "eta, askotan, gazteak kalean botata agertzen ziren. Farmazien kontrako erasoak ugaldu ziren, eta hildakoak ere egoten ziren heroinaren ondorioz. Horrek gizartearen alarma pizten zuen".

Elzok dioenez, gizartearen lehenengo erreakzioa «kaltetuen eta senitartekoen eskutik» iritsi zen. Baina laster sortu ziren herrietan arazoari oratu nahi zioten bestelako elkarteak. Askagintza izan zen horietako bat. Lehenengo batzarra 1988ko maiatzaren 7an egin zuten Etxarri Aranatzen (Nafarroa), Askagintza osatu zuten taldeetako batzuk lanean askoz lehenago hasi ziren arren.

Marian Mendiola Barandalla eta Jon Burgi elkarteko kide izan ziren denbora luzez: "Aurretik bazeuden hainbat talde herrietan arlo horretan lanean", azaldu du Mendiolak. "Askagintza sortu zen talde horiek Euskal Herriko elkarte batean biltzeko, ikuspegi osatuagoa eskaintzeko eta, laguntza soilean gelditu beharrean, arazoaren sustrai eta arrazoietara jo eta narkotrafikoaren kontra borrokatzeko".

Donostiako Altza auzoan hasi zen lanean Burgi; Nafarroako Sakanan Mendiola. "Altzan arazoa oso larria zen", kontatu du Burgik. "Bizilagunek kezka handia zuten, baina horietako askoren lehenengo proposamena izaten zen herritarren patruilak sortzea drogazaleak jipoitzeko. Guk beste ikuspegi bat geneukan: auzoak nolako baliabideak dituen, eta drogari aurre egiteko zer beharko lukeen aztertzea". "Askotan, suhiltzaile lana egitea egokitzen zitzaigun", gogoratu du Mendiolak, "eta jendeari azaldu behar genion drogazaleak azken kaltetuak zirela, ez zirela gertatzen ari zenaren erantzule".

Mendiolak dioenez, Sakanan arazoa ez zen Altzan baino txikiagoa: "Kontsumoa Altsasun kontzentratzen zen", gogoratu du. "Estetikaren aldetik, Etxarri Aranazko gazteen irudia ZEN planean deskribatzen zena zen, mahonezko prakak eta alkandora koadrodunak; Altsasukoak, berriz, punk itxurakoak ziren. Horregatik, jende askok drogekin hastearen pareko ikusten zuen gazteak asteburuetan Altsasura joatea. Nire belaunaldiko asko, eta apur bat koskorragoak zirenak ere, ordurako heroinan sartuta zeuden".

Beste aldetik, arazoari aurre egiteko baliabideak oso urriak ziren. Rafael Cortes (Barakaldo, 1957) Bizkaiko Gizakia fundazioaren laguntza arloko arduraduna da: "Urte haiek oso gogorrak izan ziren. Honetan lan egiten dugun elkarte asko orain ari gara 30 urteak betetzen, 1983-84 inguruan sortu ginelako. Gurea, esaterako, 1985ean hasi zen. Horrek esan nahi du lehenago ez zegoela ia ezer".

Hiesaren agerpena

Berez oso larria zen arazoa are gehiago larriagotu zuen hiesa agertzeak. "Gauzak asko aldatu dira", gogoratu du Cortesek, "baina orduan, hiesa detektatzea heriotza zigorraren parekoa zen. Hiletak eguneroko kontua ziren. Batzuen erreakzioa izaten zen dena galdutzat ematea eta heroinan amaieraraino murgiltzea, eta beste batzuk, aldiz, borrokatzeari lotzen zitzaizkion adore handiz. Baina hori bezain gogorra zen bazterketaren arazoa. Garai hartan oso informazio gutxi zegoen; zenbait hedabidetan agertzen zen hiesa listuagatik edo eskua emateagatik kutsatzen zela, eta, ondorioz, hiesa zutenak izurridun gisa hartzen zituzten: erizain batzuek ez zituzten artatu nahi; familiek ere kasu batzuetan baztertzen zituzten, eskua ematea ere ukatzeraino. Oso gogorra zen".

Droga Menpekotasunen Euskal Behatokiak kaleratutako txostenen arabera, beste zenbait lekutan, Espainiako hegoaldean esaterako, heroina sudurretik kontsumitzeko edo erretzeko ohitura handiagoa zegoen. Euskal Herrian, berriz, askoz ohikoagoa zen heroina zainetatik injektatzea, xiringa partekatuz behin baino gehiagotan, "drogazaleen arteko kidetasun edo komunitate sentimendu batek bultzatuta beharbada", Elzok dioenez. Horren ondorioz, Euskal Herrian, drogen kontsumoari lotutako jokabideak izan ziren hiesa kutsatzeko biderik arruntena, eta ez, Europako gainerako lekuetan bezala, sexu harremanak.

Sarraskia izugarria izan zen, eta, kasu askotan, isiltasun geruza batek estali zituen heriotza horiek: "Etxarri Aranatzen jende asko hil zen", dio Mendiolak, "eta, oraindik ere, familia askok ez dute horretaz hitz egin nahi. Orain, denborarekin, badirudi ama batzuk hasi direla horretaz hitz egitera ausartzen. Eta uste dut garrantzitsua dela. Hil zirenak ez ziren neska-mutil ilun eta gaiztoak: kasu askotan, etxeko sentikorrenak izaten ziren".

Nafarroako Sakana, Gipuzkoako Hernani, Irun eta Errenteria, Donostiako aldirietako auzoak, Bilbo, Bizkaiko Ezkerraldea... Asko izan ziren zigortutako herri eta eskualdeak, "Bermeon, esaterako, belaunaldi oso bat desagertu zen", azaldu du Cortesek.

Arrazoiak

Seguruenik, asko dira bat egin zuten faktoreak, koktel lehergarri hori osatu zutenak. Euskal disidentzia suntsitzeko drogaren erabilpen politikoa eta aginte politiko eta polizialen konplizitatearen mamua hor egon da beti; garai hartan, salaketa hori behin eta berriro entzuten zen Euskal Herriko kaleetan: "Beti egon da drogaren erabilpen politikoaren inguruko susmo hori", adierazi du Cortesek. "Jakina, ezinezkoa da hori frogatzea, baina egia da garai hartan arazoa izugarria zela. Eta ez bakarrik heroinarena: Espainian kokainaren kontsumoa igotzen hasi zenerako, Euskal Herriak speed eta kokainaren kontsumo mailarik handiena zuen, Espainian ez ezik, Europan ere".

Rodriguez Galindo Guardia Zibilaren jenerala eta, oro har, Intxaurrondoko polizia etxea narkotrafikoarekin nahasten zituzten informazioek, Irunen 1990ean desagertutako 150 kilo kokainaren aferak, Adore plataformaren salaketek eta beste zenbait auzik elikatu zuten susmo hori denbora luzean. Cortesen aburuz, "interes politikoen eta poliziaren arteko ustezko elkartze horrek zerikusia izango luke heroina lortzeko erraztasunarekin, baina ez du esplikatzen arazoaren beste alde bat: zergatik hainbeste jendek hartzen zituen drogak, alegia".

Cortesek berak erantzuten du: "Ez dago arrazoi bakarra. Nik uste dut horrek zerikusi handiagoa daukala orduko krisi ekonomikoarekin, informazio faltarekin, baliabide faltarekin eta abarrekin. Gainera, gizarte aldaketa handiak gertatu ziren, esaterako, immigrazio masiboa, nekazaritza giroko lurraldeetatik hirietara. Kasu askotan, guraso etorkin horiek gutxi ikasitakoak ziren, erruz egin behar zuten lan familia aurrera ateratzeko eta ez zeukaten baliabiderik arazoari aurre egiteko. Seme-alabak, berriz, askoz prestatuago zeuden, baina aurrean ez zuten etorkizunik ikusten. Belaunaldien arteko gatazka bat sortu zen".

Elzok ere orduko egoera sozio-politikoa ekartzen du gogora gertatutakoa azaltzeko: "Berrogei urteko diktadura batetik ateratzen ari ginen, eta askatasun egarria handia zen. Zenbait girotan bazegoen kapitalismoaren kontrako kritika bat, eta drogak hartzea bilakatu zen ezarritako ordenari kontra egiteko modu bat. Modernitatearen ikurra zen droga. Alde horretatik, datuak oso argiak ziren: ikerketa guztietan agertzen zen eraginik handiena ezker abertzalearen inguruko munduan izaten zela. Baina droga oldartzearekin, matxinatzearekin eta kapitalismoaren kontrako jarrerekin lotzen zuen ideologia horrek sekulako zaplaztekoa jaso zuen hiesa agertu zenean".

Drogaren arazoa "osasun publikoko arazo" bilakatu zen, Rafael Cortesek adierazi duenaren arabera. Baina horrek bere alde positiboa ere izan zuen, "oso politika indartsuak jarri zituztelako abian, baliabide askorekin, eta kalteak gutxitzeko neurrien kontuan ere aurrerapausoak eman zituzten, xiringen trukea edo kontsumo gelak, esaterako. Zoritxarrez, eraikitako egitura indartsu hori desmuntatzen ari dira orain murrizketen ondorioz. Baliabideen aldetik, atzeraka goaz".

Egun, egoera asko aldatu da, Cortesek azaltzen duen moduan: "Kokaina da gehien kontsumitzen den legez kanpoko droga, aspalditik gainera. Gizartearen gogoan oraindik ere drogaren irudia heroinarekin lotzen da, baina laugarren postura jaitsi da. Heroinaren kontsumoa nagusi zen garaian, arazo fisikoak agertzen ziren; orain, berriz, arazo psikiko ugari agertzen dira drogen kontsumoari lotuta".

Paradoxikoki, oraingo egoerak eta duela 30 urtekoak badute antzekotasunik, Cortesen ustez: "Berriro ere, arazo larri baten aurrean gaude, eta gizarte arloan egiten ari diren murrizketen ondorioz, arazo horri aurre egiteko baliabide nahikorik gabe gaude, duela 30 urte bezala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.