Atzo, 09:00etan, Gaztelera. 11:15ean, Euskara. Arratsaldean, Fisika, Latina, Biologia... Gaur, Matematika, Ekonomia, Geografia, Kimika... Ostiralean, Ingelesa, Filosofia, Historia... Hiru egun luze ikasleentzat, ikasgai asko ikasi behar. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako egoitzaren atarian gazte asko urduri zegoen atzo 08:00etan; beste batzuk ez zirenhain larri ikusten. Ordubete barru selektibitateko lehen azterketa egitekoak ziren.
Unibertsitatera sartzeko lehen probak egin zituzten atzo Hego Euskal Herriko 12.000 gazte inguruk: 1.248k Araban, 4.394k Bizkaian, 3.369k Gipuzkoan eta 2.710ek Nafarroan. Horien artean daude Lanbide Heziketa egin duten 700 bat gazte; eta beste 300 lagun gehitu behar zaizkio kopuru horri, nota hobetzeko asmoz aurkeztu direnak, hain justu. Ikasleen erdiek baino gehiagok selektibitatea euskaraz egingo dute aurten; Araban, lehen aldiz, ikasle gehiagok egingo dute proba euskaraz, gazteleraz baino. Ipar Euskal Herriko ikasleek ekainaren 18 eta 22 artean egingo dute Baxoa. Urte osoan ikasitakoa frogatzeko ordua heldu da.
Hernaniko Institutuko ikasle Mikel Elizalde «nahiko lasai» dago, Zarauzko lagun batzuekin berriketan. Unibertsitatera joateko asmoa du hurrengo ikasturtean, baina ez daki zer ikasiko duen. Oraindik zer egin erabaki ez duenez, nota ona ateratzeko «presiorik» ez duela azaldu du: «Ikasi, ikasi dut, baina ez gehiegi».
Elizalderengandik gertu dagoen gazte talde bat larriago dago. Legazpiko Ander Ibarguren eta haren lagunak horma baten kontra eserita daude, orri batzuk eskuetan dituztela. «Azken errepasoa» egiten ari dira. «Oso urduri» dagoela aitortu du Ibargurenek: «Euskarako azterketarako lasai nago; gaztelerarekin izango ditugu komeriak». Gaztelerako azterketan literaturari buruz ere galdetuko diote, eta horri dio beldur gehien Ibargurenek: «Autore asko ikasi behar genituen; nik bat baino gehiago utzi ditut ikasi gabe». Gehiagok ere egin du autore batzuk baztertzearen aldeko apustua.
Nahiz eta Espainiako Gobernuak unibertsitateko ikasketak garestitzeko asmoa adierazi duen, Legazpiko gaztea unibertsitatera joango da hurrengo urtean: «Zoritxarrez, murrizketa eta garestitze kontuak besterik ez dago azkenaldian; baina zer egingo dugu, zuzenean lanean hasi? Nik urte gehiagoz ikasiko dut behintzat».
Legazpiarrarengandik hamabost bat metrotara hiru neska daude zutik, horiek ere paperak eskuetan dituztela, baina «lasaiago». Hala adierazi du Ane Louvelle Urnietako ikasleak. «Uste baino lasaiago nago, agian gaztelera gainditzeko esperantza gutxi dudalako». Euskara, Biologia eta Historia gaiak gustukoago ditu Louvellek, eta horietan ahalik eta nota onena atera nahi du, hurrengo urtean irakasle ikasketak hasi ahal izateko. Kimikako azterketarako ere prest dago: «Ea galderek akatsik ez duten lehengo urtean bezala». Gaur arratsaldean egingo dute Kimikako azterketa.
Ikasleen artean daude irakasleak ere; azterketa hasteko hamar minutu falta direnean, ikasleen azken zalantzak argitzen ari dira, urduri daudenak lasaitzen. Iñaki Zabalza Legazpiko Haztegi ikastolako maisua da. Selektibitate egunetan irakasleak ere urduri egoten direla adierazi du. «Hiru egunetan asko jokatzen dute ikasleek. Nahi dituzten ikasketak egitea dute jokoan; normala da denok urduri egotea». 08:40 dira dagoeneko. Ikasleak urduri doaz egoitza barrura, ez dute berandu iritsi nahi azterketagarrantzitsu horretara. Eta, denak sartu direnean, orduan atera da kuadrilla bat kafetegitik. Azterketara doaz, pauso lasaian, ondo gosalduta. Horiek prest daude unibertsitatera sartzeko.
IA, euskal curriculumaren alde
IA Ikasle Abertzaleek selektibitatearen aurkako hainbat protesta egin zituzten atzo, Euskal Herriko Unibertsitateko campusetan. Gasteizen, Donostian eta Eibarren (Gipuzkoa), esate baterako, elkarretaratzeak egin zituzten Selektibitatearen aurrean, Euskal Curriculuma lelopean. Ikasleok selektibitateari ez zioten itsasgarriak ere banatu zizkieten proba egin behar zuten ikasleei.
Selektibitatearen eta Baxoaren moduko azterketa «basatien» eta «arrotzen» aurka agertu da IA: «Espainiako eta Frantziako curriculumak, ebaluazio sistema bidegabea, hizkuntza arrotzak eta Euskal Herriaren mesedera ez dauden azterketak salatu nahi ditugu».
Beldurra unibertsitate atarian
Unibertsitatera sartzeko probak atzo hasi zituzten Hego Euskal Herriko 12.ooo ikasle inguruk. Aurten, ikasleen erdiek baino gehiagok aukeratu dute selektibitatea euskaraz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu