Tomm Burguess Belfasteko Auzitegiak gaur Iñaki de Juana (Legazpi, Gipuzkoa; 53 urte) preso ohiari jakinarazi dio abenduaren 12an erabakiko duela bera Espainiaratuko duen edo ez. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eskaera hori egina dio Belfasti, De Juanak "terrorismoa goratu" zuelakoan abuztuaren 2an kartzelatik irten eta ustez bere izenean Donostiako ongi-etorrian leitu zuten gutunean. 21 urtean preso egon ostean utzi zuen espetxea.
Burguessek egunotan aztertuko du 'terrorismoa goratzea'-ren delitua Erresuma Batuko legedian baden, eta Espainiak De Juana ikertu edo epaitu nahi duen jakiten ere saiatuko da. Espainiako Estatuko legedian bi urteko kartzela zigorra dakar delitu horrek, baina Erresuma Batuan norbait estraditatzeko gutxieneko espetxe zigorrak hiru urtekoa izan behar du.
Velascok Belfasti lehengo astean adierazi zion De Juana entzun behar duela, ikerketa "amaitzear" baitago, eta "ezinbestekoa" dela preso ohia Espainiaratzea. Honen aurkako aurkako euro-agindua emana du.
Lehengo asteko astelehenean Belfasteko Auzitegian aurkeztu zen De Juana, Espainiak bera atxilotzeko eskatu ondoren. Epaileak aske utzi zuen, 5.900 euro inguruko bermea ordainduta. Gaur berriro izan da epaitegian, jakinarazpena jasotzera; hamar bat minutu egin ditu.
Politika
Belfastek abenduaren 12an erabakiko du De Juana Espainiaratu edo ez
Espainiako Auzitegi Nazionalak preso ohiaren aurkako euro-agindua emana du, "terrorismoa goratu" zuelakoan abuztuko ongi-etorriko gutunean. Belfasteko epaileak bermepean aske utzi zuen lehengo astean De Juana. Hau gaur berriro izan da auzitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu