euskal presoak

Belfasteko Auzitegiak gaur edo bihar jakinaraziko du De Juanaren auziaren epaia

Preso ohiaren ustezko gutun batean "aurrera bolie!" jartzen zuelako "terrorismoa" goratzea egotzita auziperatu egin nahi du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Helegiteak badaude, auzia luzatu egingo da.

2009ko azaroaren 12a
18:13
Entzun
Gaur edo bihar jakingo da Iñaki de Juana euskal preso ohia Irlanda iparraldetik Espainiaratuko duten edo ez, Belfasteko Auzitegiak gaurko deitu baititu auziko parteak. Dena dela, bihar eman dezake neurriaren berri. Thomas Burgess epaileak darama kasua, aurtendik.

Baliteke auzia gehiago luzatzea, Belfasteko Auzitegiaren epaiaren ondotik helegiteak baleude, hango Apelazio Auzitegira pasatuko litzatekeelako kasua, eta gero Erresuma Batuko Auzitegi Nagusira, Londresera.

Gaur defentsa abokatuak adierazi du De Juanak "depresioa eta trauma ondorengo estresa" duela eta "terrorismo delituak" egotzita Espainiaratzen badute akusatuaren "egoera okertu eta heriotza" eragin diezaiokela.

Iazko abuztuan De Juana aske geratu zenean, Donostiako ekitaldi batean haren ustezko gutun batean "aurrera bolie!" jartzen zuelako "terrorismoa" goratzea egotzita auziperatu egin nahi du preso ohia Espainiako Auzitegi Nazionalak. Belfasteko epailearen arabera, badago nahiko lege arrazoi euroagindu eskaera onartu eta De Juana Espainiaren esku uzteko. Epaileak argudiatu zuen hark, egozten dizkioten adierazpenak Erresuma Batuan egin izan balitu, 2006ko Lege Antiterroristan jasota dagoen arau-haustea leporatu ahal izango luketela.

Iazko azaroaren 17tik zaintzapeko askatasunean bizi da De Juana Belfasten.

21 urtean eduki zuten preso Espainiako kartzelatan, ETAko kidetzat jota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.