Belgikako helegiteen auzitegi nagusiak babestu egin du Ganteko epaitegi batek Jaione Jauregi euskal presoa Espainiara estraditatzeko eskaeraren aurka hartutako erabakia. Naiz.eus atariak eman du informazioaren berri. Auzitegiak ondorioztatu du Ganteko epaitegiak ez zuela inolako “oker juridikorik” egin, Espainiako Fiskaltzak helegitea jartzerakoan argudiatu bezala. Bruselaren erabakiari ez dago helegiterik jartzerik.
Belgikako Poliziak 2013ko urriaren 8an atxilotu zuen Jauregi, Flandrian, ETArekin harremana zuelakoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak bi euroagindu eman zituen Jauregiren aurka: bata, “terrorismo” delituagatik; bestea, hilketa delituagatik. Ganteko epaitegiak atzera bota zuen Espainiaratzeko agindua, uste zuelako Jauregik giza eskubideen urraketak paira zitzakeela Espainian. Hala, Belgikako Kasazio Auzitegiak aske utzi zuen. 2015eko abuztuan, Madrilek beste euroagindu bat eman zuen Jauregiren aurka.
Jauregi 1979tik dago ihes eginda. Abokatuak argudiatu du Espainiaren esku uzteko araudiak ezartzen dien “arrazoizko epea” gaindituta dagoela, 32 urte igaro baitziren Espainiako Auzitegi Nazionalak egozten zizkion delituak gertatu zirenetik.