atxiloketak

Belgikak Ventura Tome Espainiaratzea erabaki du

Epaitegi Gorenak atzera bota du defentsaren helegitea eta euroagindu eskaera onartu du.

2011ko abenduaren 7a
17:41
Entzun

Belgikako Epaitegi Gorenak Ventura Tome euskal presoa Espainiaratzea erabaki du, defentsaren helegitea atzera bota eta euroagindu eskaera onartuz. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatu zuen estradizioa, 80ko hamarkadan Zangozan (Nafarroa) bi guardia zibil hiltzen saiatu zela argudiatuta; Zaragozan ere (Espainia) beste bi atentatu leporatzen dizkiote.

Lieve Pellens Belgikako Fiskaltzaren bozeramaileak aurreratu du onartu egin dutela. Prozesua zehaztuta, hamar egunen buruan Espainiaratu dezakete Ventura Tome. Urriaren 28an atxilotu zuen Belgikako Poliziak, ustez ETAko kide delakoan. 58 urte dauzka eta duela urte batzuetatik Bruselan bizi zen.

Tome zegoen etxe berean beste lagun bat ere atxilotu zuten: Javier Agirre Ibañez. 2006an ere atzeman zuten —Ertzaintzak—, kale erasoak egotzita. Ventura Tomerena izan zen ETAk borroka armatua behin betiko uzteko erabakiaren ondotik ustezko etakide baten aurka gertatu zen lehendabiziko atxiloketa.

Tome 1992an atxilotu zuten aurreneko aldiz, Frantzian, eta 1996an berriz. Sei hilabete preso egon ostean Espainiaratu egin zuten, eta han, aske utzi, baldintzapean. Ihes egin zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.