Egiluzek 23 urte ditu, eta martxotik Anberesko enpresa batean lanean dihardu informatika ingeniari gisa. Gurasoak Belgikara joan dira bilaketa lanak bertatik bertara jarraitzeko.
Hodei Egiluz Diaz izena du, galdakoztarra da, eta Anberes hiriko erdialdean ikusi zuten azkenekoz. Lagun talde batekin afaldu ostean, beste hainbat gazterekin partekatzen duen etxerako bidea hartu zuen, goizaldeko ordu biak aldera. Orduz geroztik, ez dute haren berririk jaso, eta Belgikako Polizia bilaketa lanetan ari da, Ertzaintzarekin elkarlanean.
Martxan jarritako ikerketa gertutik jarraitu nahi izan dute gurasoek ere, eta herenegundik Belgikan daude. Halaber, sare sozialetan eta Belgikako hedabideetan oihartzun handia izaten ari da Galdakaoko gaztearen desagerpena. Besteak beste, senide eta lagunek haren argazkiez osatutako hainbat afixa zabaldu dituzte sarean, Egiluz non dagoen topatzeko asmoz. Kolaborazio oro “ongietorria” izango dela adierazi dute.
Egiluzekin batera Belgikan bizi diren bi lagunek (Gasteizko bat eta Donostiako beste bat) jo zuten Poliziara. Asteburua Euskal Herrian igaro ondoren, Belgikara itzuli, eta, bertako lagunen etsipenaz jabetuta, Egiluzen desagerpena salatzea erabaki zuten. Deustuko Unibertsitatean lizentziatutako informatika ingeniaria da Egiluz, eta martxotik ari da lanean Anberesko enpresa txiki batean, informazioaren teknologia berrien ikerkuntzan espezializatutako enpresa txiki batean, hain zuzen.